Baldintzatutako nozioak

Maria Maya Manterola-Dorleta Agiriano Lai 2021eko maiatzaren 25a

(Utzitakoa)

Osasun mentala "feminismotik" eta "ikuspegi historikotik" lantzeko ikastaroa egingo dute Zumaian. Bi saio izango dira, ekainaren 2an bata, eta 9an bestea. Itxaso Martinek egingo ditu dinamizatzaile lanak; psikiatriako ideiak "testuinguruak" eta "ideologiak" baldintzatzen dituztela uste du.

Antropologoa eta idazlea da Itxaso Martin (Donostia, 1981), eta ikerketarako izan dituen heldulekuen artean nabarmentzen da, besteak beste, eromenaren definizioa. Martinen esanetan, askok "aldarrikatu duen terminoa" da eromena, eta ez da inola ere adiera "objektibo" bat, psikiatriako edo osasun mentalaren inguruko nozio orokorrak ez diren modura. "Eromena, niretzat, definizio guztietatik ihes egiten duen zerbait da, eta oso zaila litzateke definizio zehatz bat ematea", dio donostiarrak. 

Hari horretatik tiraka azaltzen du, beraz, psikiatria-diagnostikoak ere ez direla "objektiboak", "testuinguruak" eta "ideologiak" zuzenean baldintzatutako emaitzak baizik. Martinen gogoeta horrek, dena den, badu atzera begiratuta erdietsitako oinarri historiko bat. "Perspektiba historikotik egiten dut lan", argitu du: "Perspektiba historiko horrek uzten du agerian, esaterako, zein eragin izan duen ideologiak garai bakoitzeko psikiatria zehazteko orduan"; hala nola, ustezko gaixoen "diagnostikoak eta etiketak" xehatzean. Martinek frankismo garaia ikertu du gehienbat.

Modu horretan ondorioztatu du, besteak beste, frankismoan "emakume eredu bat bultzatu nahi bazen, hortik kanpo geratzen zen guztia ezkutatzen zela psikiatria-diagnostiko baten atzean". Hala argudiatu du Martinek "diagnostikoak lagungarriak" izan daitezkeela "zenbait momentutan", baina sarri estalki bat izan daitezkeela; adibidez, "gizarte matxista bat ezkutatzeko". Aipatu du ez direla "inondik inora gauza berdina gizon ero bat edo emakume ero bat" eta, "kasu askotan", "tratamenduak ere desberdinak" izaten zirela emakumezkoentzat edo gizonezkoentzat.

Ikastaroa ekainean

Martinek, hain zuzen, hori guztia izango du hizpide Zumaiako Udalak Emakumeen Osasunaren Aldeko Nazioarteko Ekintza Egunaren harira antolatutako ikastaroan, eta "osasun mentala ikuspegi feministatik lantzen" ahaleginduko da. Horretarako, ezinbestean aterako du mahaira psikiatria arloaren bilakaera historikoa; uste baitu psikiatria-eredu jakin bakoitza beti abiatzen dela "ideologia zehatz batetik" eta "testuinguru zehatz" batean garatzen dela, alegia, leku eta garai zehatzetan.

Horri lotuta ulertzen du Martinek, hortaz, "zentzuduna izatearen" eta "normatibitatearen" arteko lotura ere, "garaiaren eta lekuaren arabera aldatzen" delako "zentzuaren" beraren gaineko ikuspegia. "Onartutako normatibitatearen bidez lortzen da definitzea zer den denontzat zentzuduna eta zer ez edo, behintzat, hori arautzea", gaineratu du donostiarrak.

Bi saio eskainiko ditu Zumaiako Gizarte Etxean, ekainaren 2an bata, eta ekainaren 9an bestea. 18:00etatik 19:30era iraungo dute bi saioek, eta parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena derrigorrez. 943 865 020 telefono zenbakira deituta eman daiteke izena, bai eta berdintasuna@zumaia.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita ere.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide