Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak jakinarazi duenez, atzo egindako PCR eta antigeno probetan ez zuten kasu positiborik atzeman Zumaian. Kasu berririk baieztatu ez duten bosgarren eguna da, jarraian. Kasu metatuen tasak, beraz, behera egiten jarraitzen du; 172,99an zegoen atzo, eta 152,64an dago une honetan.
Urola Kostan, dena den, zortzi kasu positibo detektatu zituzten atzo. Aipatu zortzi kutsatze horiek Azpeitian eta Zarautzen detektatu ziren, launa udalerri bakoitzean. Emaitza honek ez du aldatu bakoitzak zuen herri bakoitzak zuen kolorean, baina bai intzidentzia tasan: Azpeitiak eremu laranjan jarraitzen du, eta herenegun 302,32tik 308,80ra igo bazen, orain 328,52an kokatu da. Zarautzen, ordea, 214,16tik 205,59ra jaitsi da tasa, eta eremu horian dago oraindik.
Eskualdeko gainerako herrietan ez da kasu positiborik izan azken orduetan, eta horren beheranzko joera ekarri du intzidentzia tasetan. Azkoitian jaisten ari da indizea, eta 484,02an kokatu da, baina gaur-gaurkoz eremu gorrian jarraitzen duen Urola Kostako herri bakarra da. Oriok eremu berdean jarraitzen du 32,62ko positibotasun tasarekin. Gainontzeko herriak, berriz, gune kritikotik kanpo daude: Aian 50,38 da tasa, Aizarnazabalen eta Beizaman hutsa, Errezilen 966,18, Getarian 70,67 eta Zestoan 205,44.
Egoerak mantentzera egin du
Hego Euskal Herrian kutsatze kopurua areagotu egin da azken orduetan, eta egoerak mantentzera jo du. Guztira, 10.989 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan, eta horietatik 432 izan ziren positiboak. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zituzten kasu gehien (228), eta ondoren, Gipuzkoan (121), Nafarroan (52) eta Araban (29). Horrez gain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpoko herritarren positibo zenbatu zituen Osakidetzak. Positibotasun tasak ere %5etik beherakoa izaten jarraitzen du; %4,3 da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %2,4 Nafarroan.
Ospitaleetako egoerak ere hobera egiten jarraitzen du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Guztira, 191 dira COVID-19agatik ospitaleratuta dauden gaixoak, eta 111 pertsona ZIUetan daudenak. Nafarroako erietxeetan, berriz, 64 pertsona daude, eta horietako hamahiru eri ZIUetan daude.