Udan Zumaiako hondartzetan ez erretzea gomendatuko du Osakidetzak

Dorleta Agiriano Lai 2021eko maiatzaren 26a

Ekainaren 15ean sartuko da indarrean Osakidetzaren gomendioa, zortzi hondartzatan. "Tabakoaren kontsumoa desnormalizatzea" da kanpainaren asmoa, eta hurrengo urtean tabakorik gabeko hondartzen sare bat sortzeko aurreneko urratsa izango da.

Tabakorik Gabeko Munduko Eguna izango da maiatzaren 31n, eta horren harira, agerraldia egin du gaur Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Besteak beste, jakinarazi du hondartzetan "tabakoaren kontsumoa desnormalizatzea" helburu duen kanpaina bat jarriko dela martxan ekainaren 15ean, uda osoan zehar luzatuko dena. Kanpaina horren barruan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zortzi hondartzetan ez erretzea gomendatuko du Osakidetzak; hain zuzen, Zumaiako Itzurun eta Santiago hondartzetan, Ibarrangeluko Lagan eta Laidan, Lekeitioko Isuntzan, Mundakako Laidatxun eta Hondartzapen, eta Ullibarri-Ganboako urtegiko Garaio hondartzan.

Hondartzetan "adingabeen presentzia" handia dela iritzita abiatuko du kanpaina Osakidetzak, bai eta zigarro-puntek sortutako zikinkeria ekiditeko ere. Osasun sailburuaren esanetan, ez da zigorra oinarri izango duen dinamika bat, eta helburua ez da "hondartzetan erretzea debekatuko duen lege bat sustatzea"; "gonbidapen bat" izango da, "espazio horretan erretzera doazenek birritan pentsatzeko eta ez egiteko".

Proba pilotua izango da aipatutako zortzi hondartzetan martxan jarriko dena, eta aurreratu dutenez, asmoa da aurrerapauso bat izatea, datorren urtean, tabakorik gabeko hondartzen sare bat sortzeko. Sasoi honetan, dena den, abiapuntua izango diren zortzi hondartza horietan kartel informatiboak jartzera mugatuko da Jaurlaritza. Bestalde, "hondartzetan lan egiten duten pertsonek", esaterako sorosleek, "lan pedagogikoa" egingo dutela esan du Sagarduik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide