Itxialdiaren ondorena

Dorleta Agiriano Lai 2021eko maiatzaren 27a

Zumaia mugarriz mugarri liburua jendaurrean aurkeztu du jada Imanol Azkuek. Zumaia zedarritzen duten mugak izan ditu aztergai, eta "esploratzaile izateko" nahiz "herria ezagutzeko eta maitatzeko" gonbita da lana.

Iazko itxialdi orokorrean, agian, eman zezakeen denbora geratu zela, eta kostata irudikatu genezakeen horren ostea. Imanol Azkueren kasuan, aurten ezagutarazi du bere azalean bizitako itxialdiaren ondorena, liburu modura: urte hasieran eman zuen argitara Zumaia mugarriz mugarri liburua, azken urteotan eta, bereziki, pandemia garaian herriko mugez eta mugarriez ikasitakoa biltzen duena.

Baleike Kultur Elkartearen eskutik kaleratu du liburua, eta atzo, maiatzaren 26an, aurkeztu zuen ondutako lana. San Telmo ermitan izan zen aurkezpen ekitaldia, eta ondoan izan zuen haren anai Xabier Azkue, Baleikeko presidentea. Biek azaldu zutenez, azken urtean indarrean izan den itxialdi perimetrala dela eta, Zumaiak dituen muga ugari ezagutu dituzte herritarrek, baina horiek are gehiago ezagutarazteko saiakera jaso du egileak liburuan.

Xabier Azkueren esanetan, "berezia" da liburua, formatuak berak erakusten duen gisan. Izan ere, koaderno forman argitaratu da, eta aurkezpenean argitu zutenez, apalean hautsa biltzeko baino, "erabiltzeko" liburu bat da; esku artean hartu, mugarriak aurrez aurre ezagutu eta Zumaia marrazten duten mugak ibiltzeko gonbita bat.

Esploratzearen garrantzia

"Edukiarengatik" ere liburu "berezia" dela ondorioztatu zuen idazleak atzokoan; izan ere, mugarrien inguruan ezer gutxi idatzi dela iritzi dio. Azaldu zuenez, iazko uztailean aritu zen Zumaiako mugarri guztiak hor zeudela egiaztatzen, Gonzalo Torre lagunarekin, eta prozesu horretan guztian "esploratzaile izateko" grinak izan duen garrantziari egin zion azpimarra. Bernardo Atxagaren hitzak oinarri hartuta Ruper Ordorikak sortutako Esploratzailearena abestia izan du gogoan hilabete hauetan guztietan Azkuek, haren esanetan, "esploratzailea izatea zer den" iradokitzen baitu kantu horrek: egon daitezkeen mugetatik harago, "gauzak ikusteko, bizitzeko, irudikatzeko gaitasuna"; begi-bistan izan dezakeguna gainditu eta "atzean, ezkutuan zer dagoen" imajinatzeko ahalmena.

"Gu ere bagara esploratzaileak gure txikian, aurrean daukaguna baino askoz ere gehiago ikusten dugulako", hausnartu zuen Azkuek: "Hor dauzkagu mugarriak, harrizkoak, soilak, hotzak, gogorrak, geldoak, hilak; eta guk horiek baino askoz ere gehiago ikusten, bizitzen, gozatzen dugu. Atzean dagoena imajinatzen dugu". Hala, "irudimenaren indarra" nabarmendu zuen, bai eta "gauzei era berezian begiratzearen" indarra ere.

Pandemia garaian hesitutako egunerokotasunean "askotan egin behar izan dugu amets" Imanol Azkueren iritziz, eta horren emaitza da, haren kasuan, Zumaia mugarriz mugarri liburua. Izan ere, urte luzez jardun du mugarrien ibilaldia antolatzen, baina COVID-19aren ondoriozko itxialdi orokorragatik izan ez balitz, uste du bazterrean geratuko liratekeela liburua idazteko aukera eta ametsa.

Xabier Azkuek atzo esan zuenez, koadernoan "herriarekiko maitasuna sumatzen da orriz orri". Imanol Azkuek, hala, behin eta berriz luzatu zuen "esploratzaile izateko" gonbidapena; "mugetatik irten gabe edo, batzuetan, pixka bat irtenda" herria "ezagutzeko eta, zergatik ez, maitatzeko" gonbita.

Harrietatik herrira

Aurkezpena amaitzean, Harrietatik herrira izeneko bertso-sorta abestu zuten ekitaldian elkartu zirenek, Dozena bat bertso berri doinuan:

Ikasgai onak ekarri

jakin-minaren pizgarri

herriarekin lotzen gaituzten

hamaika lokarri.

Hara zenbat zumaiarri

diegun erronka jarri

geure burua ezagutzeko

mugarriz mugarri.

 

Oso argi geratu da

hemen dugula eskura

bide eder bat garamatzana

nahi dugun lekura.

Bihur dezagun ohitura

lantzea gure kultura

harriak dira abiapuntu

herria helmuga.

Liburua, eskuragai

Bestalde, Azkuetarrek gogorarazi zuten eskuragai dagoela jada Zumaia mugarriz mugarri. Lau salmenta-puntu jarri dituzte, Mandala, Aizpurua, Otaño eta Zumaiako Turismo Bulegoa, eta 12 euro balio du ale bakoitzak. Baleikeko bazkideek, dena den, etxean jasoko dute ale bana, doan. Kamisetak ere aterako dira, baina horiek egun batzuk barru izango dira salgai.

  • Liburuen eta kamiseten salmentaren inguruko informazio guztia, hemen

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide