Bi kasu positibo baieztatu dituzte Zumaian

Anartz Izagirre 2021ko mai. 27a, 13:23

Intzidentzia tasa atzoko berdina da Zumaian: 152,64. Hego Euskal Herrian hobera egiten jarraitzen du ospitaleetako egoerak.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu berri ditu atzo, asteazkena, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak. Bost egunez positibo berririk atzeman gabe egon ostean, atzoko probetan bi kasu baieztatu dituzte Zumaian. Dena den, atzo bezala mantendu da kasu metatuen tasa, eta 152,64an dago oraindik.

Urola Kostan, orokorrean, gora egin dute kasu berriek. Hamazazpi kasu izan ziren atzo eskualdean —herenegun baino bederatzi gehiago—, eta horietatik bederatzi positibo Azkoitian atzeman zituzten. Azken egunetan beheraka ari zen Azkoitiko intzidentzia tasa, baina berriro egin du gora, eta 492,36koa da orain, Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako herrietatik altuena, hain zuzen. 

Bestalde, Azpeitian hiru kasu zenbatu zituzten atzo, eta intzidentzia tasak beheraka jarraitzen du han apurka-apurka bada ere. Gaur-gaurkoz, 315,37koa da 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako Azpeitiko intzidentzia tasa, eta eremu laranjan jarraitzen badu ere, gero eta gertuago du eremu horia. Bestalde, Zumaian bezala, bi kasu zenbatu zituzten Zestoan; hortaz, 205,44tik 256,81era igo da intzidentzia tasa. Zarautzen, berriz, kasu bakarra atzeman zuten atzo, azken egunetako kopururik baxuena, eta intzidentzia tasak beheraka jarraitzen du. Gaur-gaurkoz, 192,74 da tasa.

Eskualdeko gainontzeko herrietan ez zuten kasu bakar bat ere atzeman atzo, eta herri gehienetan behera egin du intzidentzia tasak. Aian 50,38 da tasa, Aizarnazabalen eta Beizaman hutsa, Errezilen 966,18, Getarian 70,67 eta Orion 16,31.

Eri gutxiago ospitaleetan

Hego Euskal Herrian positibotasun tasak %5etik beherakoa izaten jarraitzen du, bai Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (%4,4), bai Nafarroan (%4,5). Atzo, guztira, 10.387 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan, eta horietatik 456 pertsonak eman zuten positibo. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zituzten positibo gehien (194), eta ondoren, Gipuzkoan (117), Nafarroan (93) eta Araban (46). Horrez gain, sei kasu zenbatu zituen Osakidetzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo.

Ospitaleratzeei dagokienez, egoerak hobera egiten jarraitzen du pixkanaka. Gaur-gaurkoz 287 gaixo daude COVID-19agatik ospitaleratuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 107 ZIUetan daude. Nafarroan, berriz, 56 dira COVID-19agatik ospitalean dauden eriak, eta hamabi dira ZIUetan daudenak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide