Asteartean eman zioten hasiera Europako Geoparkeen Asteari, eta aurrera doa Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatutako egitarau propioa ere. Zumaian, zehazki, bi ekimen izango dira guztira: gaur Geoparkeko paisaia kulturalak ikertzen: giza jardueren aztarnak historian zehar hitzaldia eskainiko du Josu Narbarte historialariak, eta larunbatean, orientazio proba berezi bat egingo dute.
Zumaiako Eusebio Gurrutxaga plazatik hasiko da proba, 10:00etan. Hiru orduko iraupena izango du, eta hainbat baliza topatzeaz gain, "Geoparkeko altxorrei edo ondareari buruzko galderak" erantzun beharko dituzte parte hartzaileek.
Antolatzaileek azaldu dutenez mugatuak dira orientazio proban parte hartzeko plazak, baina geratzen dira plaza gutxi batzuk oraindik. Zumaiako Turismo Bulegora bertaratuta edo deituta (943 143 396) egin daiteke izen-ematea, baita Internet bidez ere.