Europako Geoparkeen Astearen barruan, orientazio jolasak egin dituzte

Mireia Galarza Bastida 2021eko maiatzaren 29a

Bi jolas egin dituzte, eta horien helburua izan da orientazio kirola sustatzea eta Geoparkearen natura ondarea ezagutzera ematea.

Europako Geoparkeen Astearen barruan eta Gipuzkoako Orientazio Taldearekin elkarlanean, orientazio jolasak egin dituzte gaur herrian. Ekimen horien helburua da orientazio kirola sustatzea eta Geoparkearen natura ondarea ezagutzera ematea.

Beheko Plazan elkartuta, orientazioari buruzko beharrezko azalpenak jaso dituzte bertaratun diren gazte eta helduek, eta ondoren egin dituzte jolasak. 

Lehenengoa Beheko Plazan egin dute. Antolatzaileek kono batzuk ipini dituzte plazan zehar -kono bakoitza irakurgailu elektroniko batekin- , eta ondoren ibilbide ezberdinak irudikatzen zituzten mapa txiki batzuk eman dizkiete parte-hartzaileei. Herritarren ardura izan da mapako ibilbidea kopiatu eta beste gailu elektroniko bat ibilbideko konoetan txertatzea.

Ondoren, beste mapa bat eman zaie herritarrei. Maparekin lagunduta, inguruan jarri dituzten balizak aurkitu behar izan dituzte parte-hartzaileek, eta bakoitzean zeuden Geoparkeko altxorrei edo ondareari buruzko galderak erantzun behar izan dituzte.

Behin baliza guztiak aurkituta eta galderak erantzunda, esaldi bat osatu behar izan dute galdera bakoitzean jasotako hizkiekin. 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide