Zumaiara ostiral goizean iritsi zen Gipuzkoa osoa zeharkatu duen bizikleta martxa, eta elkartasuna adierazi zieten herriko pentsiodunek nahiz beste hainbat lagunek. Beheko Plazan egindako ekitaldian, esaterako, hitza hartu zuten Mugimendu Feministako Miren Osak, Gazte Koordinadora Sozialistako Aitor Tenak eta Ernaiko Arhane Berriozabalek, eta hainbat bertso abestu zituen Jon Maiak. Horretaz gain, Zumaiena eskolako eta institutuko ikasleek txalo artean hartu zituzten txirrindulariak bide bazterretik, herriko kaleak igarotzen ari zirenean.
"Zinez eskertzen dugu joan den ostiralean jubilatuen eta pentsiodunen Gipuzkoako txirrindulari martxari talde desberdinek eman zioten harrera", esan dute Zumaiako pentsiodunen mugimenduko kideek. Gainera, larunbatean Donostian egin zuten Gipuzkoa mailako manifestazioa "jendetsua" izan zela nabarmendu dute.
Dena den, bizikleta martxan parte hartu dutenek Usurbilen jasandakoaren berri ere eman dute gaur Zumaian. Urola Kostatik igaro ostean joan ziren Usurbilera txirrindulariak, eta han eman zuten ostiral gaua. Hurrengo goizean ikusi zuten gurpilak zulatuta zituztela martxan erabili dituzten bi furgonetak, baita haien bi kamionetak ere. "Elkartasuna luzatzen diegu eta gure aldarrikapenen defentsan tinko jarraituko dugula berresten dugu", esan dute herriko pentsiodunek.