Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu du atzo, asteazkena, egindako PCR eta antigeno testetan herriz herri atzemandako kasu positiboen txostena. Zumaian hobera egin du berriz atzemandako positiboen kopuruak: aurreko bi egunetan launa kasu baieztatu eta gero, emaitza positibo bakarra izan da atzoko probetan. Hala ere, gora egiten jarraitzen du kasu metatuen tasak, eta atzoko zenbatekoarekin alderatuta, 152,64tik 162,82ra igo da. Zumaia, hortaz, eremu horiko herria da gaur-gaurkoz.
Urola Kosta eskualdean, orokorrean, kasu positiboek nabarmen egin zuten behera atzo herenegungo datuekin alderatuta. Asteartean 32 kasu zenbatu zituzten eskualdean, eta atzo hamazazpi; kasuak erdira jaitsi ziren, beraz, atzo eskualdeko herrietan egindako PCR eta antigeno testetan. Zarautzen atzeman zituzten atzo positibo gehien; han sei kasu baieztatu zituzten eta 235,58ko tasa dute egun. Orion ere bigarren egunez jarraian bost kasu zenbatu zituzten; 244,62ko tasa dute han. Bi herriek eremu laranjan sartuta jarraitzen du. Azkoitian, berriz, hiru positibo detektatu zituzten atzo, eta 425,60ko intzidentzia tasa dute han, eskualdeko altuena. Eremu gorrian dago azken asteetan Azkoitia.
Aian eta Azpeitian positibo bana detektatu zuten atzoko probetan. Aiak 50,38ko tasa du egun, eta eremu berdean dago. Azpeitiak, ostera, 328,52ko tasa metatua du eta eremu laranjaren barruan jarraitzen du. Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Zestoan, bestalde, ez zuten atzoko probetan positiborik hauteman.
Positibotasun tasa, %3,3an
Atzo, 11.247 PCR eta antigeno test egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta 368 kasu positibo hauteman zituzten. Lurraldeka, 41 kasu baieztatu zituzten Araban, 158 Bizkaian, 99 Gipuzkoan eta 67 Nafarroan. Horrez gain, lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hiru lagunek ere positibo eman zuten. Hori horrela, Hego Euskal Herriko positibotasun tasa %3,3koa izan zen atzo. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako azken hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak bi puntu egin du behera, eta orain 207,75ekoa da.
Bestalde, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 39 pertsona ospitaleratu zituzten atzo. Osakidetzako erietxeetan 161 pertsona daude egun ospitaleratuta, eta horietatik 91 dira zainketa berezia behar dutenak. Nafarroan, berriz, atzo bi pertsona ospitaleratu zituzten, baina inor ez ZIUetan. Oinarrizko birsorkuntza tasak edo R0 indizeak aurreko astean gorakada izan bazuen ere, berriz ere beherako joera hasi du; 0,99koa da une honetan zenbatekoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.