Osasun Sailak kaleratu du koronabirusaren datuen berri dakarren txostena. Herrian egindako PCR eta antigeno probetan, bi pertsonak eman zuten emaitza positiboa atzokoan. Berdin mantendu da tasa; 162,82koa da gaur ere. Azken zazpi egunetako datuak kontuan izanda, hamabi izan dira hautemandako kasuak, aurreko astean baino zortzi gehiago. Gorabeherak izan ditu azken asteetan intzidentzia tasak: 295,11an zegoen duela bi aste, eta 162,82an duela astebete.
Urola Kostan aste gorabeheratsua izan da COVID-19ari dagokionez, baina joera ez da gehiegi aldatu azken bi egunetan: Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argitaratutako datuen arabera, herenegun egindako probetan hamazazpi emaitza positibo izan ziren eskualdean, eta atzo egindako probetan, aldiz, hogei. Azkoitian bederatzi lagunek eman dute positibo atzoko probetan, Azpeitian seik, Zarautzen bik eta Orion batek.
Azkoitian gora egiten jarraitzen du kasu metatuen tasak; 425,60an zegoen atzo, eta 450,64an dago azken datuak kontuan hartuta. Eremu gorrian jarraitzen du beraz, eta eskualdeko udalerrien artean, intzidentzia tasarik altuena du. Azpeitian herenegun baino kasu gehiago baieztatu badituzte ere (sei izan ziren atzo eta bakarra herenegun), 328,52tik 302,23ra jaitsi da tasa. Hala, Azpeitia eremu laranjan dago oraindik.
Zarautzen behera egin dute atzemandako kasuen kopuruak eta intzidentzia tasak; atzo 235,58koa zen, eta 218,44koa da une honetan. Orion herenegun baino emaitza hobeak izan dira atzoko probetan (lau kasu izan ziren herenegun eta bakarra atzo), baina tasak okerrera egin du hala ere. Izan ere, 244,62koa zen atzo, eta 260,93koa da gaur-gaurkoz. Semaforoko argi horiak piztuta jarraitzen du kostako hiru herri horietan.
Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Zestoan ez da kasu positiborik izan azken orduetan.
Positibotasun tasa gora
Hego Euskal Herrian 382 emaitza positibo izan dira atzo egindako probetan; hain zuzen, 160 Bizkaian, 118 Gipuzkoan, 57 Nafarroan, 44 Araban eta hiru beste lurralde batzuetan. Herenegungo probetan kasu gutxiago baieztatu zituzten; 368. Nafarroan aste osoko daturik onena izan da gaur argitaratutakoa, baina zertxobait igo da positibotasun tasa; %3,2koa izan zen atzo, eta %3,1ekoa herenegun. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere gora egin du positibotasun tasak, %3,3tik %4,1era.
Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan, dena den, hobera egiten jarraitzen du egoerak. COVID-19ak jota ZIUetan dauden pertsonen kopurua 100etik beherakoa izan da aurreko asteburutik, eta gaur egun, 83 dira. Guztira, 155 dira koronabirusa dela-eta Osakidetzan ospitaleratuta dauden pertsonak.