Hego Euskal Herrian 360 kasu positibo detektatu dituzte

Anartz Izagirre 2021ko eka. 5a, 13:12

Kasurik gehien Bizkaian atzeman dituzte (170), eta ondoren, Gipuzkoan (86), Nafarroan (73) eta Araban (31). Positibotasun tasa nabarmen jaitsi da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta igo egin da Nafarroan.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak argitaratu dituzte atzo, ostirala, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak. Guztira, 9.881 proba egin zituzten atzo lau lurraldeetan, eta horietatik 360k eman zuten positibo. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zituzten kasurik gehien (170), eta ondoren, Gipuzkoan (86), Nafarroan (73) eta Araban (31).

Positibotasun tasari dagokionez, atzotik nabarmen jaitsi da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %4,1etik %3,5era, hain zuzen. Nafarroan, aldiz, igo egin da tasa, %3,1etik %4,1era.

Bestalde, atzo 28 pertsona ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta uneotan 83 dira ZIUetan dauden eriak. Osasunbideak, berriz, ez du ospitaleratzeen inguruko informaziorik eman.

Etzi, astelehena, jakinaraziko ditu Eusko Jaurlaritzak herriz herriko datuak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide