Asteburuan Xake Festa izango da Beheko Plazan, Pepe Cuencaren aurkako aldi bereko partidekin

Larunbatean eta igandean jokatuko dituzte aldi bereko partidak, 11:00etan hasita. Iganderako izena eman daiteke oraindik.

Kbi xake taldeak ekimen berezia prestatu du asteburu honetarako. Pepe Cuenca xakelari andaluziarra bertaratuko da Zumaiara, eta haren aurka jokatzeko aukera izango da larunbatean eta igandean. Beheko Plazan egingo dituzte aldi bereko xake partidak, 11:00etan hasita. U forman jarritako mahaietan eseriko dira jokalariak, eta batetik bestera mugituko da Cuenca, txandaka, taula bakoitzean mugimenduak egiteko.

Plaza mugatuak dira aldi bereko partidetarako, eguneko 40 pertsonakoa izanik. Larunbateko edukiera jada beteta dago, iganderako, aldiz, oraindik tokia dago izena emateko. Parte hartu nahi izanez gero 630 937 041 telefono zenbakira deitu dezakete interesdunek, bai eta zumaiakoxaketaldea@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidali ere. 14 urtetik beherako gazteek 3 euro ordaindu beharko dituzte izena emateko; gainerakoek, aldiz, 15 euro.

Cuenca Espainiako hamar xakelari onenen artean dago. Gaur egun, sarean dagoen gaztelerazko esataririk ospetsuena da xake arloan. Xakeko maisu handia da 2015etik baina, xakelaria izateaz gain, bide, ubide eta portuetako ingeniaria eta matematika aplikatuan doktorea ere bada.

Sariak

Asteburu honetako partidetan parte hartzen duten guztiei oparituko zaie Chess24 atariko Premium bazkidetza bat, eta eguneko hiru onenek, gainera, urteko harpidetza bat irabaziko dute Peon de Rey aldizkarian.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide