HEZIKETA

Nola jarri mugak haurrei?

Mireia Centeno 2021eko ekainaren 13a

Mireia Centeno psikologoak haurrei jarri beharreko mugak izan zituen hizketagai BALEIKEren apirileko zenbakian.

Hitz egin izan dugu mugak jartzearen garrantziaz. Askotan zaila egiten zaigu haurrei prozesu honetan laguntzea, ez dakigulako non dagoen neurria. Guraso zorrotzegia naiz ala bigunegia?

Badakigu muga batzuk derrigor jarri behar ditugula, batez ere segurtasunarekin eta osasunarekin zerikusia dutenak, eta gero aukerakoak daude, familia bakoitzaren beharren araberakoak. Jartzeko moduen arabera, askotan bortizkeria erabiltzen da, edo aldiz, ez dugu argi adierazten.

Garrantzitsuena argiak eta zehatzak izatea da. Haurra txikia bada, edo egin behar duen ekintza berarentzat edo beste norbaitentzat arriskutsua bada, mugak oso argia eta zehatza izan behar du: GELDIRIK, NAHIKOA, EZ. Ozen esan, segurtasunez, baina beti lasaitasuna mantenduz; izan ere, eredua izango gara. Gero adinaren arabera, zergatia azaldu diezaiokegu, erraz eta era ulergarrian. Kontuan izan muga jartzen ari gatzaizkion haurra oso txikia bada eta iletik tiraka badugu, esploratzen besterik ez dela ari; baina, noski, ez diogu utziko, min ematen badu, batez ere. Beraz, eskutxoa poliki gure iletik askatu eta EZ esango diogu. "EZ, horrek min ematen du, maittia". Oso ohikoa da, horrelakoetan haurrak jarrera errepikatzea; beraz, guk ere, modu berdinean, mugatu egingo diogu berriro ere.

Haurrek instintuen arabera jokatzen dute, eta instintua ezin da mugatu, bideratu baizik. Beti aukerak eman behar dizkiegu beraien instintuak ase ditzaten. Beraz, aurreko adibidearekin jarraituz, iletik tiratzeko beharraren aurrean, soka bat edo zapi bat eskainiko diogu, sokatik tiratzea egokia delako, eta berak tiratzeko beharra duelako. Berdina egin dezakegu haurrak hozka egiten duenean. Beste pertsona bati hozka egitea ez da aukera bat, baina haur txikiek askotan hori egiteko beharra dute, amorrua azaltzeko modu bat dutelako. Noski, muga jarriko diogu: "EZ, horrek min ematen du". Baina, jarraian, hozka egiteko sortua izan den objektu bat eskainiko diogu: panpina bat, elikagai bat, gomazko pilota bat... horrela bere beharra ase dezan.

Haurra EZ hitzaren esanahia pixkanaka ulertzen hasiko da, baina, gehienetan, beraien instintuak indar gehiago du; horregatik da garrantzitsua egin dezakeenaren aukera eskaintzea. Eta heltzen doan heinean, ezetzaren aurrean, beste aukera batzuk aurkitzeko gaitasuna garatuko du eta aukera horiek praktikan jarriko ditu.

Orduan nola jarriko dizkiogu mugak haur bati?

  1. Ez, hori ezin duzu egin.
  2. Zergatia azaldu, labur. Hori ezin duzu egin mina ematen duzulako, edo zerbait edo norbait arriskuan jartzen duzulako.
  3. Egin dezakeen aukera bat eman.
  4. Bere frustrazioa lagundu. Egin ezin dezakeen hori egiten jarraitu nahi duenean, baina onartezina denean, bere sentimenduak baieztatu, nahiz eta jarrera ezin dugun onartu. "Hori egin nahi duzu, baina min ematen didazu, baina badakit asko gustatzen zaizula eta amorratuta zaudela. Ea beste zerbait aurkitzen dugun...".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide