Zumaian kasu positibo bakarra baieztatu dute azken orduetan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 15a, 13:24

Asteburuaren ondorengo gorakadaren ostean, Zumaian berriz jaitsi da intzidentzia tasa, eta 244,23an dago une honetan.

Ohi bezala, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguerdian argitaratu ditu atzo egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta horien arabera, kasu positibo bakarra baieztatu dute Zumaian azken orduetan. Asteburuan lau positibo zenbatu zituzten herrian; beraz, atzo zertxobait igo zen intzidentzia tasa (244,23an zegoen ostiralean eta 274,75an atzo, asteburuko emaitzak batuta). Azken emaitzekin, hala ere, berriz egin du behera tasak, eta 244,23an kokatu da beste egun batez. Eremu horian jarraitzen du Zumaiak, hortaz.

Urola Kostan, guztira, lau kasu positibo baino ez dituzte zenbatu azken orduetan; bat Zumaian eta hiru Azpeitian. Bezperan, igandean, proba egin zuten hiru lagunek eman zuten positibo eskualdean.

Azpeitian atzeman dituzte, beraz, atzo detektatutako kasu positibo gehienak. Kasu metatuen tasa 256,24an zegoen atzo, baina azkeneko datuak kontuan hartuta, 262,81era igo da. Hala, intzidentzia tasak gora egin duen eskualdeko udalerri bakarra da Azpeitia, eta eremu horian jarraitzen du.

Urola Kostako gainerako herrietan, ordea, berdin mantendu da edo zertxobait behera egin du intzidentzia tasak. Azkoitian 484,02tik 425,60ra jaitsi da, baina eremu gorrian da oraindik; Zarautzen 132,78tik 98,51ra jaitsi da, baina eremu horian jarraitzen du. Aian (50,38), Aizarnazabalen (260,08), Beizaman (0), Errezilen (161,03), Getarian (141,34), Orion (244,62, eremu horia da oraindik) eta Zestoan (25,68) atzokoan bezala mantendu da kasu metatuen tasa.

Hego Euskal Herrian, 200 azpitik

Atzo egindako proben bidez, 178 kasu positibo baieztatu dituzte Hego Euskal Herri osoan; hain zuzen, 83 Bizkaian, 35 Gipuzkoan, 36 Nafarroan, hogei Araban eta lau beste lurralde batzuetan. Bezperan baino kasu gehiago baldin badira ere (148 izan ziren igandean), positibotasun tasak behera egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, nahiz Nafarroan: %3tik %2,2ra jaitsi da Nafarroan, eta %2,6tik %1,8ra Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Dena den, Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan ospitaleratze gehiago izan ziren atzo; COVID-19ak jota, hamasei pertsona ospitaleratu zituzten igandean, eta 30 atzo. Koronabirusa dela eta, guztira 96 pertsona daude Osakidetzan ospitaleratuta, eta 59 dira ZIUn daudenak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide