Riiing. Telefonoa. Baleiketik, nirekin hitz egin nahi omen dute. Bai arraroa, zer ote dute hauek… Mariaren ahotsa. Ea animatzen naizen hurrengo hilako Baleikerako orrialde bat idaztera. “Uffff. Nik? Zer daukat nik ba kontatzeko?”. “Nahi duzun gaia”. “Utzi denbora bat pentsatzeko, bale?”. “Bai, baina biharko erabaki, mesedez; zuk ez baduzu nahi, lehenbailehen beste norbaiti esateko”. “Ok.”
Urduritasuna. Zalantzak. Jendaurrean azaltzearen bertigoa. Autoexigentzia… Akabo nire lasaitasuna. Burua kontrolik gabeko zaldi baten pare dabilkit, abiadura bizian. Orain arreta guztia horretara daukat bideratuta, horixe da lehentasuna, artikulua. Musikak ipinita jarraitzen du, baina jada ez du nire arreta erakartzen, ez dut entzuten. Bai edo ez? Zer gai? Nola?...
Iritsi dira umeak eskolatik. Hirurok elkarrekin bazkaldu dugu. Fisikoki bai behintzat, nire burua ez baitago bertan, idazlanarekin dabil borrokan. Nire harridurarako, txikiak ere guztia txintxo jan du. Primeran, oraintxe ez nago eta konplikazioetarako. Baina mahaitik altxatzerakoan, huskeria batengatik kasurik egin ez didatelako sutan ipini naiz, biei errieta egiten. “Beti berdin, ez duzue kasurik egiten, alferrik da zuei gauzak esatea…”.
Isiltasuna. Bakoitza berera. Gaur ere ez dut batere ondo kudeatu egoera, berriro ere. Pasatu egin naiz. Damua. Erruduntasuna. Baina nola igaro naiz hain denbora laburrean lasai-lasai egotetik emozio zurrunbilo honetara? Nola hobeto egin hurrengoan? Aukera bat ingurunearen aldaketan saiatzea da, kanpoan baitaude nire jokaeren zergatiak: urduri jartzen naute, mintzen naute … Eta bigarren aukera da neureganako arretan sakontzea, nola bizi eta sentitzen dudan kanpotik datorkidana. Nik sentitzen dudan hori benetakoa da, neurea, eta emozio horiek onartu egiten ditut, epaitu gabe, aldaketarako abiapuntutzat hartuz. Soilik horrela eman ahalko dut nire ohiko jokabide eredutik desberdinduko den erantzun berri bat, nik kontzienteki aukeratutako jokaera bat.
Ez da erraza baino nik nahiago dut bigarrenean sakondu, neuk zerbait desberdina egin. Besteak aldatzeko zain baldin banago, jai daukat.