Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kaleratu dituzte atzo, astelehena, herriz herri egindako PCR eta antigeno proben emaitzak. Urola Kostan, guztira, sei izan dira zenbatutako kasuak, bezperan baino lau gehiago. Zumaian hauteman dute kasurik gehien. Herrian egindako probetatik hiruk izan dute emaitza positiboa, eta beraz, zertxobait igo da tasa. Gaur-gaurkoz, 183,34koa da, Urola Kostako altuena.
Zumaia bezala, eremu horian dago Azpeitia ere, 164,26ko tasarekin. Herri horretan, berriz, bi izan dira azken orduetan detektatu dituzten kasuak. Zarautzen kasu bat detektatu duten arren, bertan dute 5.000 biztanletik gorako herrien arteko egoera onena. Izan ere, 25,68ko tasa dute, eta eremu berdean dago.
Urola Kostako gainerako herrietan ez dute kasurik zenbatu. Azkoitia azken egunotako datuekin eremu horira igaro den arren, 150,21ean dute tasa. Getarian 106,01ekoa da tasa, Orion 81,54koa, Zestoan 25,68koa eta Aizarnazabalen 130,04koa. Beizaman, Errezilen eta Aian, bestalde, hutsean mantentzen dute kasu metatuen tasa.
Gipuzkoan 31 positibo
Hego Euskal Herrian, orotara, 8.940 proba egin, eta 183 kasu hauteman dituzte. Lurraldez lurralde, positibo kopuru altuena Bizkaian zenbatu dute (87), eta ondoren, Nafarroan (37), Gipuzkoan (31) eta Araban (25). Nafarroan % 2,6koa da positibotasun tasa, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, %1,9koa.
Osakidetzaren mendeko erietxeetan 23 pertsona ospitaleratu dituzte azken orduetan. Guztira, 111 pertsona daude izurriaren eraginez ospitaleetan, horietatik 45 ZIUetan. Atzo baino bost gutxiago dira Zaintza Intentsiboen Unitateetan dauden pertsonak.