Eusko Jaurlaritzak kaleratu berri du koronabirusaren bilakaerari buruzko eguerdiroko txostena. Horren arabera, atzo ez zuten kasu berririk atzeman herrian. Zortzi dira azken zazpi egunetan zenbatutako kasuak; hiruna asteartean eta astelehenean, eta bana asteazkenean eta aurreko ostiralean. Hortaz, azken astean behera egin du Zumaian detektatutako kasu positiboen kopuruak, aurreko hiru asteetan hamabina kasu izan baitziren.
Intzidentzia tasak ere zertxobait behera egin du astebetean. Aurreko ostiralean, ekainaren 18an, 244,23koa zen tasa, baina azkeneko datuekin 203,52ra jaitsi da. Duela bi ostiral ere, ekainaren 11n, 244,23an zegoen kasu metatuen tasa. Dena den, aurreko bi asteetan bezala, eremu horia izaten jarraitzen du Zumaiak.
Hiru positibo baino ez eskualdean
Urola Kostan, berriz, hiru positibo besterik ez zituzten atzeman atzo; bi Azpeitian eta bat Orion. Beraz, 33 kasu izan dira eskualdean aste guztian zenbatu dituztenak: Azpeitian hamabost, Zumaian zortzi, Zarautzen bost, Azkoitian lau eta Orion bat. Gainontzeko herrietan ez dute kasu bakar bat ere hauteman azken hamabost egunotan.
Horrenbestez, Zumaia bezala, eremu horian daude gaur-gaurkoz Azkoitia (91,80), Azpeitia (210,25) eta Orio (198,61); eremu berdean dago Zarautz (25,70); eta hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa hutsean dago eskualdeko beste herri guztietan.
Hego Euskal Herrian, 257 positibo
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, atzo 6.735 PCR eta antigeno test egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta horietatik 257 eman zuten positibo; %3,8k, hain zuzen. Lurraldeka, Gipuzkoan atzeman zituzten positibo gehien: 89. Bizkaian 87 kasu baieztatu zituzten, Nafarroan 40 eta Araban 32.
Erietxeen egoerari dagokionean, berriz, atzo 24 lagun ospitaleratu dituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Denera, COVID-19ak jotako 99 lagun daude Osakidetzaren mendeko zentroetan eta horietatik 34 daude Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU).