Mallorcako agerraldiarekin lotutako kasu positiboak hauteman dituzte Zumaian

Baleike 2021eko ekainaren 26a

Mallorcako agerraldiarekin lotutako 126 kasu zenbatu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; horietatik 20 inguru izan daitezke Zumaian. 

Eusko Jaurlaritzak PCRa egitera deitu ditu ikasturtea bukatutakoan Mallorcara egindako bidaian izandako zumaiarrak ere. Ostegun iluntzean iritsi ziren herrira, eta ikasleek Baleikeri helarazitako informazioaren arabera, beren kabuz isolatu ziren proba egin artean.

Listuaren probak egin zizkieten hasiera batean, eta ikasle beraiek informatu dutenez, 20 inguru izan daitezke kasu positiboak; beste hainbaten emaitza zalantzazkoa izan da. Ez dute argitu positiboak diren edo ez, eta beraz, proba gehiago egin beharko dituzte. 

Kasu positiboen hazkundea ikusita, eta kutsatze katea eteteko asmoz, baheketa batera deitu Eusko Jaurlaritzak bidaian parte hartu duten gazte guztiak; PCR probak egingo dizkiete ikasle hauei.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 126 dira, oraingoz, Mallorcako agerraldiarekin lotutako kasuak. 

90 positibo zenbatu dituzte Gipuzkoan

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, atzo koronabirusa atzemateko 7.807 PCR eta antigeno test egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta horietatik 243k eman zuten positibo; egindako proben %3,1ek, hain zuzen. Herenegungoak baino datu hobexeagoak dira, orduan  %3,8koa izan baitzen positibotasun tasa.

Lurraldeka, Bizkaian hauteman dituzte positibo gehien, 91, eta bat gutxiago zenbatu dute Gipuzkoan. Nafarroan 35 atzeman dituzte, eta 22 Araban.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan COVID-19ak jotako 31 lagun ospitaleratu dituzte azken orduetan, eta uneotan, 34 herritar daude Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU).

Asteburua izaki, Eusko Jaurlaritzak ez du herriz herriko daturik kaleratu, ezta ospitaleetako egoeraren inguruko beste daturik ere.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide