Pasa den asteburuan abiatu zituzten KAE1 eta ETE ligak eta igandean 3. jardunaldia jokatuko dute Pasai Donibanen. Emakumezkoen IX. Pasaiko Ikurriña izango dute jokoan ETE ligako taldeek, eta estropadan izango dira Zarautz eta Zumaia. 11:20ean hasiko da arraun hitzordua.
Emakumezkoen lehia bukatutakoan, gizonezkoen txanda izango da, eta V. Adegi Fabrika Bandera estropada jokatuko dute. Gizonezkoen norgehiagokan eskualdeko hiru ordezkari izango dira Getaria, Orio B eta Zumaia. Gizonezkoen ontziek 12:00etan ekingo diote estropadari.