Lurraldebusek jakinarazi duenez, datozen egunetan hainbat aldaketa izango dira Zumaiako autobus geralekuei dagokienez. Batetik, uda garaia dela eta, geltoki berdina izango da UK09, UK10 eta UK11 lineetako autobusen (Zumaia-Donostia) abiapuntua eta helmuga: Patxita Etxezarreta kaletik irtengo dira, eta han bukatuko dute ibilbidea. Hortaz, ez dute geldialdirik egingo Txomin Agirre kalean. Datorren astelehenetik, uztailaren 5etik, abuztuaren 29ra bitartean egongo da indarrean aldaketa hori, bi egun horietan barne.
Bestetik, behin-behineko egokitzapen bat ere egingo du Lurraldebusek hurrengo asteartean, uztailaren 6an. Hain zuzen, Debatik irteten diren hainbat autobus (DB05 linea) eta Aizarnazabaldik ateratzen diren beste zenbait (UK07 linea) ez dira Patxita Etxezarretan geratuko. Geldialdi bakarra egingo dute Zumaian; hain zuzen, tren geltokian. Debatik 09:45ean, 11:45ean, 13:45ean, 14:45ean eta 16:45ean ateratzen diren autobusek jasango dute aldaketa hori, baita Aizarnazabaldik 09:10ean, 13:10ean, 14:40ean, 15:40ean eta 17:40ean irteten direnek ere.