Eusko Jaurlaritzak eman ditu herriz herri egindako PCR eta antigeno proben emaitzak. Atzo kasu positibo bat hauteman zuten Zumaian, eta horrekin, 41 dira astebetean herrian zenbatutako kasuak. Erdiak egun bakar batean detektatu zituzten, joan den ostiralean. Mallorcako agerraldiarekin dute lotura, eta kasu kopuruen igoera horren eraginez, astebetean nabarmen egin du gora intzidentzia tasak ere; 203,52tik 498,63ra, hain zuzen ere.
Urola Kostan, guztira, herenegun baino kasu positibo gutxiago atzeman zituen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak atzo: orotara, bederatzi –herenegun hamasei–. Horietatik lau Zarautzen detektatu zituen, hiru Azpeitian eta bat Azkoitian. Azpeitia eta Zarautz eremu horian dira, 203,68 eta 141,35 tasekin, hurrenez hurren.
Eskualdeko datuak apalak badira ere, Hego Euskal Herriko positibo kopuruak nabarmen egin du gora; izan ere, atzo 519 kasu zenbatu dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak. Egunez egun ari da gora egiten zenbatekoa: 366 positibo detektatu zituzten asteartean, eta 458 asteazkenean. Igoera horri lotuta, aipatzekoak dira Gipuzkoako zenbait herritan (Hernanin kasu) eta Nafarroan izan den positibo kopuruak.
Atzo 6.628 PCR eta antigeno proba egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietan 406k eman zuten positibo: 45ek Araban, 178k Bizkaian, 170ek Gipuzkoan, eta bizilekua hiru lurralde horietatik kanpo duten beste hamahiru lagunek ere bai. Beraz, %6,1 da positibotasun tasa. Gaur egun hiru lurralde horietako 14 eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 132,65 da. Nafarroan, berriz, 1.550 proba gauzatu eta 113 positibo atzeman zituzten atzokoan; proba egin zuten herritarren %7,3k eman zuten positibo.
Positiboen kopuruak gora nabarmen egin badu ere, ospitaleetako egoera ez da aldatu. Izan ere, positibo eman duten herritarren ehuneko handi bat 18 eta 40 urte bitartekoa da. Osakidetzak emandako datuen arabera, 63 lagun daude egun Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan COVID-19a tarteko, eta horietatik 33 daude ZIUn –herenegun baino bat gehiago–. Atzo 26 lagun ospitaleratu zituzten.