Podiumera igo dira Itxas Gaineko kideak Munduko Surfski Txapelketan

Onintza Lete Arrieta 2021eko uztailaren 5a

Itsasoko piragua modalitatean, Master B mailako onena izan da Oier Aizpurua, eta sailkapen orokorrean gizonezkoetan 50. egin du. Bere kategorian bigarren egin du Jose Mari Villagarciak, hirugarren Eñaut Aizpuruak eta laugarren Maite Etxabek eta Javi Lizancosek.

Munduko Surfski Txapelketa Lanzaroten (Kanariak) jokatu zen atzo, igandea. Iaz Oporton zen egitekoa, baina pandemiagatik bertan behera gelditu zen, eta Itxas Gaineko kideek aurten ez dute aukera galdu nahi izan. "Gainera, datorren urtean Zeelanda Berrian egingo da, eta hara ezingo dugu joan, master mailan nork bere poltsikotik ordaindu behar izaten duelako guztia".

Atzoko esperientziaren ondoren, hurrengo urtekoaren inbidiarik ez dute, ordea. Izan ere, batetik, emaitza bikainak lortu dituzte zumaiarrek. Bere kategorian, Master B-n –40-45 urte artekoak– bizkorrena izan zen Oier Aizpurua, eta garaipena lortu zuen. Sailkapen nagusian ere, 50 onenen artean gelditu zen.

Bere kideak ere fin ibili ziren: bere kategorian bigarren egin du Jose Mari Villagarciak (Master C), hirugarren  Eñaut Aizpuruak (Master C), eta laugarren Maite Etxabek (Master B) eta Javi Lizancosek (Master E). 

Aizpuruak kontatu duenez, Etxabek esku-eskura eduki zuen hirugarren postua, baina azken unean aurkari batek hartu zion aurrea, piraguatik uretara irten eta helmugara korrika egiteko tarte horretan.

Bestetik, "sekulako gozatua" hartu zuten proba jokatuta. Aizpuruaren esanetan, "ez dauka zerikusirik Kantauri itsasoan ibili ala irla hauetako itsasoan; sekulakoa da Kanarietan surfski egitea, haize eta olatu ikusgarriak daudelako".

Pandemiagatik segurtasun neurri zorrotzak beteta iritsi ziren kirolariak irlara, eta hainbat piraguistak ezin izan dute parte hartu, tartean "modalitate honetan puntakoak diren herrialde batzuetakoek".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide