Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argitaratu berri duen txostenaren arabera, atzo egindako PCR eta antigeno probetan bi emaitza positibo izan dira Zumaian. Bezperan baino kasu bat gutxiago detektatu zuten atzo, beraz, eta gutxi izan bada ere, zertxobait behera egin du intzidentzia tasak: 620,74an zegoen atzo, eta 610,56an dago une honetan. Dena den, atzo bezala, eremu gorrian jarraitzen du Zumaiak, eta eskualdean intzidentzia tasarik altuena duen udalerria da.
Urola Kostan, orotara, hamasei kasu positibo baieztatu dituzte azken orduetan. Ia kasu guztiak Zarautzen zenbatu dituzte, hamahiru, eta horretaz gain, kasu berri bat detektatu dute Orion. Zarautzen zazpi kasu positibo atzeman zituzten ostiraletik igandera bitartean, eta azken orduetako datuekin, 167,05etik 218,44ra igo da kasu metatuen tasa. Orion ere gora egin du intzidentzia tasak, 81,54tik 97,85era, hain zuzen. Bestalde, Azpeitiko intzidentzia tasa 262,81etik 249,67ra jaitsi bada ere, eremu horia izaten jarraitzen du herriak.
Eskualdeko gainontzeko herrietan ez da kasu berririk izan azken orduetan, eta atzokoan bezala mantendu da kasu metatuen tasa: 33,38an Azkoitian (eremu berdea da), 128,4an Zestoan eta hutsean Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian.
Hego Euskal Herrian 12.412 test egin zituzten atzo, eta horietatik 911 izan dira emaitza positiboak; 425 Nafarroan, 220 Gipuzkoan, 194 Bizkaian, 57 Araban eta hamabost lau lurralde horietatik kanpo. Positibotasun tasak, hala ere, behera egin du herenegungo ehunekoekin alderatuta: atzo egindako probetan positibotasuna %17,9koa izan da Nafarroan (%27,5ekoa izan zen igandeko testetan), eta %4,8koa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (%6,9koa izan zen igandeko probetan).
Osakidetzaren ardurapean dauden erietxeetan gora egin du, bestalde, koronabirusak jota ospitaleratuta dauden pertsonen kopuruak: 50 ziren atzo, eta 58 dira gaur egun. 22 ospitaleratze izan ziren atzokoan, bezperan baino gehiago (bederatzi izan ziren igandean). ZIUetan, dena den, igandean baino pertsona gutxiago zeuden atzo: 30 (36 ziren igandean).