Intzidentzia tasa 498,63tik 783,56ra igo da astebetean

Amaia Urbieta Arruti 2021ko uzt. 9a, 13:22

Eremu gorrian sartuta jarraitzen du Zumaiak. Azken aste honetan aurrekoan baino kasu positibo gutxiago atzeman badituzte ere, gaur-gaurkoz aurreko ostiralekoa baino nabarmen altuagoa da intzidentzia tasa; 498,63an zegoen duela astebete, eta 783,56an dago orain. Hego Euskal Herrian gora egin dute berriz zenbatutako positibo berriek, eta Osakidetzaren mendeko erietxeetako datuak ere igo egin dira apur bat.

Osasun Sailak argitara eman berri duen txostenaren arabera, atzo beste bost kasu positibo baieztatu zituzten Zumaian. Azken astean, guztira, 36 kasu izan dira herrian: bost atzo, zortzina herenegun eta asteartean, bi astelehenean, hiru igandean, sei larunbatean eta lau aurreko ostiralean. Aurreko astean (ekainaren 25etik uztailaren 1era bitartean, biak barne) kasu gehiago atzeman zituzten herrian, 41, baina intzidentzia tasa askoz ere altuagoa da une honetan. Joan den ostiralean, uztailaren 2an, 498,63koa zen Zumaiako tasa; azkeneko datuekin, 783,56koa da gaur-gaurkoz.

Hamabost kasu eskualdean

Urola Kostako herrietan, orotara, hamabost kasu positibo berri zenbatu zituzten atzo; herenegun atzemandakoak ia bikoitza izan ziren. Zumaiako kasuez gain, Azkoitian (lau), Orion (bi) eta Zarautzen (lau) hauteman zituzten atzo positiboak. Datu horien ondorioz, igo egin da intzidentzia tasa herri horietan: 175,25etik 208,68ra Azkoitian; 130,46tik 146,77ra Orion; eta 248,43tik 265,56ra Zarautzen.

Urola Kostako gainontzeko herrietan ez zuten positibo bakar bat ere atzeman atzokoan eta, ondorioz, herri horietako intzidentzia tasek mantentzera edota behera egin dute. Atzoko kopuru berari eutsi diote Aiak (50,38), Aizarnazabalek (260,08) eta Zestoak (154,08), eta adierazleak behera egin du Azpeitian (223,39tik 210,25era). Beizaman, Errezilen eta Getarian, berriz, hutsean dago intzidentzia tasa.

Positiboak berriro gora

Herenegungo moduan, eguneko 900 positibo berriren langa igaro zen atzokoan, eta 1.000ra hurbildu da zifra: 978 positibo berri atzeman zituzten atzo Hego Euskal Herrian, Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera. Lurraldeka, 92 zenbatu zituzten Araban, 314 Bizkaian, 265 Gipuzkoan eta 275 Nafarroan. Horiez gain, lurralde horietatik kanpo bizi diren 32 lagunek ere eman zuten positibo. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako positibotasun tasa %7,6koa izan zen atzo, herenegungoa baino puntu erdi altuagoa; Nafarroakoa, berriz, jaitsi egin da: %14,1 izan zen herenegun eta %13,3 da atzoko datuetan.

Okerrera egin duen beste adierazle bat da Arabako Bizkaiko eta Gipuzkoako intzidentzia tasa: 246,81ean dago gaur-gaurkoz, eta 22 puntu igo da atzotik. Gainera, gutxi bada ere, gora egin du herenegundik COVID-19agatik ZIUetan dagoen jende kopuruak: 25etik 28ra igo da zifra. Herenegun baino hamabost lagun gehiago daude COVID-19a dela-eta ospitaleratuta Osakidetzaren mendeko ospitaleetan (65 denera), eta 27 ospitaleratze izan ziren atzo.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide