Nahikoa da!

Erabiltzailearen aurpegia Ihintz Linazisoro 2021ko uzt. 15a, 06:03

Ekainean hiru astean bi eraso sexista izan ditugu Zumaian. Kalera irten gara. “Nahikoa da!” esan dugu. Arazoa oinarrian dagoela guztiok ados jarri gara. Udalak eta Eusko Jaurlaritzak ere idatzi bana atera dute eta erasoa gaitzetsi dute. Argi dago arazoa oinarrian dagoela, gure gizarte (gizon arte, inoiz baino egokiago datorkigu hitza, arazoa gizonengan baitago) heteropatriarkalean. Baina protesta egitetik haratago, zer egiten dugu edo zer egin dezakegu horrelako eraso gehiago ez jasateko? Badirudi begiratu batean duela 20, 25, 30 urte baino jendarte parekideago batean bizi garela, baina horrelako erasoen berri jakiten dugunean, ohartzen gara dena itxura hutsa dela. Ni gaztea nintzenean uste nuen ni ama nintzenerako lortuko genuela gauzak zertxobait aldatzea, baina nire esperantza eta usteak haizeak eraman dituela dirudi. 

Zer egiten ari garen hausnartu beharrean gaudela uste dut, bai indibidualki, bai kolektiboki. Nondik atera dezake pertsona batek beste pertsona bat bortxaz jazartzeko zilegitasuna? Nola bihur daitezke bakoitzaren desioak beste ezer baino garrantzitsuago? Gazteek ohikoa duten esaera horretatik “nik nahi dudana egingo dut” edo antzekoetatik? Ez gara ohartzen norberaren “askatasunaren” izenean ezin dela bestearena zapaldu? Hitz egin dugu desio eta plazer konpartituari buruz gazteekin? 

Ni haurra nintzenean etxean oso gutxik hitz egiten zuten sexualitateari buruz (gutxi batzuk zorteko izan ginen), gaia tabua zen, eta lagunartean hitz egiten genuen edo liburuak bilatzen genituen gaiari buruz gehiago sakontzeko. Gaur egungo gazteek nondik jasotzen dituzte ereduak? Gaur egun ustez “progreagoak” gara, baina etxean sexualitate, plazer, askatasun eta desioei buruz oso gutxi hitz egiten da. Sare sozialak, Internet eta bideo jokoak dira gaur egungo gazteen bidelagun. Eta oso txikitatik hasten dira, gainera, pornoa kontsumitzen. Duela gutxi egindako ikerketa baten arabera, 10 urterekin hasten dira, hain zuzen (guraso.eus webgunean “sexualitateak 3.0 eredu pornografikoari aurre egiteko estrategiak” testu oso interesgarria dago nahi duenarentzat). Eta zer ikusten dute porno horretan, gehienbat harreman heteroak eta sarketara bideratutakoak izatetik aparte? Ba, zenbaitetan bortxaz lortutako harremanak. Hasierako ezezkoa ez dela ezezkoa aditzera ematen dutenak eta abar. 

Eta sare sozialez aparte, egunerokotasunean darabilgun telebista, liburu, iruditegi… nolakoa ikusten dugun ere hausnartu beharko genuke. Zer nolako harremanak islatzen dituzten… Gazteen artean ere bikote harremanetan WhatsAppak inoizko kontrolik handiena du eta harreman horretan sartuta dagoena ez da ohartzen harreman toxiko batean dagoenik. Ingurukoen laguntza behar du. Badugu ordua, beraz, ingurukook begiak irekitzeko. Bai eta mutil eta gizon taldeak ere antolatzeko eta borroka hau zeuena egiteko ere. Hezkidetza denon ardura baita, eta ez emakume taldeena soilik. Zuei gizonezkoei dagokizue gaztetatik taldean ikusten dituzuen hitz, keinu, WhatsAppeko mezu, bideo… horiei guztiei “nahikoa da!” esatea eta ez birbidaltzea. Hasieratik horrelakoak moztea dagokizue. Eta guri gurasooi, irakasleoi, auzokooi… gazteekin sexualitateari buruz lasai hitz egitea. Ea guztion artean lortzen dugun erasotzaile bihur daitekeena erasotzaile bihurtu aurretik geldiaraztea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide