Arraun Elkarteak adierazi duenez, larunbateko estropada amaitu eta berehala Telmo Deuneko arraunlari bat mareatu egin zen eta zodiac batean atera behar izan zuten. Sukarra zuela ikusita, Donostiako ospitale batera eraman zuten, eta COVID-19aren proba eginda positibo eman zuen. Ondorioz, beste arraunlariei ere probak egin zizkieten eta horietako batzuk ere positibo eman dute. Orain, hamar eguneko konfinamendua pasa beharko dute arraunlariek. Esan bezala, emakumezkoen ontzian ez du gaitzak eraginik izan.
Igandean bertan zuten hurrengo estropada, Orioko Kanpina III. Bandera, eta ezin izan zuen trainerua uretan jarri Zumaiako klubak. Printzipioz, hurrengo bi estropadetan ere ez da izango Telmo Deun trainerua. Orain arte, estropada bakoitzean eskuratutako puntuen arabera erabakitzen zen sailkapena. Ikusita osasun egoeragatik traineru batzuk lehiatu ezinik geratu direla, koefiziente bat ezarriko du Federazioak, eta traineruek lortutako puntuak jokatutako estropaden artean zatituko da. Gaur egun, Zumaiak zortzigarren postuan jarraitzen du 6,57 punturekin.