Hiru egun bi milatik gorako zenbakietan ibili ondoren, atzo langa horretatik koska bat behera egin zuen Hego Euskal Herrian detektatutako positibo kopuruak. 1.569 positibo hauteman zituzten guztira Osakidetzak eta Osasunbideak egindako PCR eta antigeno probetan: 177 Araban, 635 Bizkaian, 367 Gipuzkoan, 363 Nafarroan, eta beste 27 lurralde horietatik kanpo bizi direnenak.
Herenegun baino 510 positibo gutxiago zenbatu zituzten, beraz, atzo, baina duela astebete baino 223 gehiago. Asteburuetan ohikoa denez, egindako proba kopurua txikiagoa izan zen atzo bezperan baino; 8.575 test egin zituen Osakidetzak, eta 2.537 Osasunbideak. Horrenbestez, eta positiboak jaitsi arren, positibotasun tasak oso altua izaten jarraitzen du: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %14,1era igo da atzoko datuekin; eta Nafarroan, behera egin duen arren, %14,3koa da.
Ospitaleetako egoerari dagokionez, 34 ospitaleratze berri izan zituzten atzo Osakidetzaren sareko erietxeetan, herenegun baino 27 gutxiago; aldiz, herenegun baino hiru gaixo gehiago zeuden atzo Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ZIUetan, 55 guztira. Nafarroan, azken orduetan bi pertsona hil dira COVID-19ak eraginda. Atzo 11 lagun ospitaleratu zituzten gaitz horren ondorioz, horietatik lau ZIUetan.