Irailean zabalduko ditu ateak Zumaiako Emakumeon* Etxeak

Baleike 2021eko uztailaren 28a

Oraindik ere data zehatz zehaztu gabe badago ere, irailan zabalduko ditut ateak Zumaiako Emakumeon* Etxeak. Zabaltze ekitaldiarekin lotutako egitaraua prestatzeko lanean dira orain.

Ardantzabiden, Martxoaren 8a plazan, kokatzen da Zumaiako Emakumeon* Etxea. "Proiektu estrategiko" gisa definitu du etxe hau Maider Alberdi berdintasun zinegotziak. Horrez gain, Zumaiako emakumeentzat "erreferentzia gune" izango dela ere gaineratu du. "Harremantzeko, ahalduntzeko ekintzak bilduko dituen espazioa izango da. Gainera, Zumaiari ekarpen handia egingo diola uste du: "Emakumeon* Etxea fisikoki Martxoaren 8a plazan baldin badago ere, herriko txoko guztiak bustiko ditu hemen sortzen dugunak", azaldu du zinegotziak. 

Udalak ohar baten bidez azaldu duenez, Zumaiako Emakumeon* Etxearen halburu nagusiak "gizarte parekidea lortzea eta emakumeon ahalduntzea bultzatzea" dira. Helburu horiek lortzeko "espazio dinamikoa eta irekia sortuko da", eta bertan elkartuko dira Zumaiako elkarte feministak zein norbanakoak. 

Goitu Eraikuntzak SL enpresak egin ditu lokala egokitzeko obrak, eta Udalak 290.000 euro erabili ditu etxea prestatzeko. Maider Alberdi zinegotziak nabarmendu duenez, eraikinaren egokitzapena egiteko prozesuan emakumeek protagonismo handia izan dute: "Emakumeon* Etxea elkarteko kide diren arkitektoek eman zizkiguten lokalaren ezaugarrien inguruko irizpide nagusiak, eta obraren gauzapenean parte hartu duten teknikari gehienak emakumeak izan dira".

Zumaiako Emakumeon* Etxeak eta Udalak kogestio sistema izango dute elkarlanerako oinarri bezala. Udalak Emakumeon* Etxeko Elkartearekin hitzarmena sinatuko du urtero, eta bertan Udalak etxearen kudeaketa elkartearen esku utziko du. Bi erakundeen arteko harremana koordinazio mahaiaren bidez egingo du, "kudeaketaren eraginkortasuna eta jarraipena errazteko helburuarekin".

Eredu honek "zerbitzu publikoa Zumaiako emakumeengandik oso gertu" jartzea ahalbideratu dezake, Alberdi zinegotziaren ustez. Eredu publiko-komunitarioa izango da Zumaiako Emakumeon* Etxearena: "komunitatearen indar eta babesa, eta herritarren lan boluntarioa izango ditu oinarri Etxeak, Udalaren baliabide ekonomiko eta teknikoen babesarekin". Karmele Gomez teknikariak gaineratu duenez, "Berdintasun Foroarekin lehenengo, eta gero, Emakumeon* Etxea elkartearekin izandako esperientziak, lan egiteko modu desberdin bat probatzeko aukera eman digu azken urteotan".

Vanessa Arbelaitz elkartekideak nabarmendu du etxeak "Zumaiako emakume guztion ekarpena" beharko duela, eta horretarako bideak eskainiko dituztela.

"Azken urte luzeetan halako espazio baten aldarrikapena egin da herri askotan, baita Zumaian ere, eta hemen lortu dugu egi bihurtzea", esan du Vanessa Arbelaitzek. Zentzu horretan, elkartearen izenean, eskerrak eman dizkie prozesu guzti honetan beren aletxoa jarri duten guztiei: "bazkide guztiei, ekitaldietan zein eztabaidetan parte hartu duzuenoi, etxearen egitura eta antolaketa pentsatzen aritu zaretenoi, aholkularitza eman diguzuenoi, elkarteetatik herria astitzen aritu zaretenoi... finean, ideia zoro hau martxan jartzeko lan egin duzuen guzti guztioi". 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide