Rosiren azken garbiketa

Juan Luis Romatet 2021ko uzt. 29a, 07:52

53 urteren ondoren, Zumaiako Rosi Tindategiak ateak itxiko ditu gaur. Alde Zaharrean zabaldu zuen lehen denda, eta janzteko ohituretan izandako aldaketen lekukoa izan da mende erdi honetan.

Rosi Tindategiak Zumaiako Basadi auzunean duen dendako pertsianak botata daude; atea ere itxita dago. Arropak garbitzeko eta lehortzeko erabiltzen diren makinak geldirik daude, eta ixiltasuna da nagusi dendan. Gaur bertan itxiko ditu tindategiak ateak 53 urtez herrian garbiketa zerbitzua eskaini ondoren. Azken hamarkadetan dendaren ardura izan duen Lourdes Manterolak erretiroa hartuko du, eta horrekin bukatuko da herriko establezimendu tradizional honen ibilbidea.

"53 urtez egon da denda zabalik, eta azken 35 urte hauetan egin dut lan bertan. 63 urte bete behar ditut, eta bada ordua", dio Manterolak tindategian bertan. Berekin da Nerea Urkia alaba eta biloba txikia.

Basadin dago Rosi Tindategiaren denda, baina bere sorrera Zumaiako Alde Zaharrean aurkitzen da, Olazabal Idazkaria kalean, hain zuzen. Lourdesen amak, Rosa Maria Antiak, ireki zuen denda 1968. urtean. Beharrak eraman zuen Antia denda zabaltzera, alabak gogoan duenez. "Benetako premia zuen. Gure aitak [Keperin Manterola] tuberkulosia zuen, eta 25 urterekin oso gaixo geratu zen. Amak dirurik ez zuen, eta janaria erosteko dirua batetik eta bestetik lortzen zuen. Gure aitak arreba bat zuen Orion ezkonduta, eta hark animatu zuen tindategia zabaltzera. Orion bazegoen tindategi bat, txikia, ondo funtzionatzen zuena. Hura zeraman Jexuxa Arrutirekin hitz egin zuen, eta hark ere animatu zuen Zumaian denda zabaltzera. Bertan ikasi zuen ofizioa; Jexuxa berak irakatsi zion guztia".

Hasieratik harrera oso ona izan zuela dio Manterolak, eta bi emakumek emandako laguntza du gogoan. "Tindategia zabaldu zuen egunean bertan Maria Paka, Golmaioren emaztea, hurreratu zitzaion. Hark denda bat zuen goiko kalean, eta Donostiako tindategi baten sukurtsala ere bazen Zumaian. Lehen egunean etorri zitzaion amari, eta esan zion: ’Rosa, nirea bukatu da. Nik ez dut sukurtsalik izango zuk denda irekitzen baduzu’. Oso ondo portatu zen amarekin".

Eibarko udatiarrak ere etortzen ziren garai hartan Zumaiara, eta haietako bat izan zuen lehen bezeroetako bat: "Eibarko emakume batek arropak ekarri zituen dendara garbitzera. Bueltan jaso eta hurrengo egunean itzuli zen esatera kezkarik ez izateko, lana oso ondo egiten zuelaeta. Bi emakume hauek izandako detaileak bizitza osoan izan zituen gogoan".

1974. urtean mugitu zuen Antiak tindategia Basadi auzunera, baina alde zaharreko denda ere mantendu zuen: urte askotan jarraitu zuten makinek eta kartelak kale horretan. "Han zabaldu zuen lehen denda, eta harreman hori mantendu nahi izan zuen".

Aldaketak

Tindategiko mostradoretik gizartea eta janzteko ohiturak aldatzen ikusi ditu Manterolak. "Lehen jendea festetarako-eta ondo janzten zen: trajeak, soinekoak... Jendeak bazuen ohitura okasio horietarako arropa tindategira eramateko. Neguko arropa ere bazegoen; artilezko berokiak eta eramaten zituzten. Orain txamarrak labadoran sartzen ditugu, eta kito". Etxeko arropatan ere nabari izan du aldaketa: "Normalean mantelak ez dira erabiltzen; edredoiak ere zorro batekin erosten dira, eta zorro hori erraz sartzen da labadoran. Aldatzen joan da dena, zeharo aldatzen". Alfonbrak, tailerretako arropak, kontu handiarekin garbitu behar diren ehunak... Halakoekin egin du lan azken urte hauetan. "Etxeko labadoran garbitu ezin ziren gauzak ekarri izan dizkigute".

Dendako atea azken aldiz itxi aurretik, eskerrak eman nahi dizkie herritarrei. "53 urte hauek ez lirateke posible izango Zumaiako herritarrik gabe", dio.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide