San Jose auzoko etxebizitzetan igogailuak jartzeko egokitzapenak egitera, San Telmoko igogailua eraikitzera, Itzurunbideko igogailuaren lehiaketara edota Alai-Sagarbide eremua bermoldatzeko lanetara bideratuko ditu udalak 1,2 milioi euro horiek. Gerakinetatik hartu du udalak diru kopuru hori.
Kreditu aldaketa honen bidez gauzatu nahi diren proiektu nagusiak hauek dira:
- San Jose auzoko etxebizitzetan igogailuak jartzeko espaloietan beharrezko egokitzapenak (400.000 euro).
- Larretxoko igogailuak eraikitzeko bi partida berri: 350.000 euro San Telmoko igogailua eraikitzeko, eta 20.000 euro Itzurunbideko igogailuaren ideia lehiaketa martxan jartzeko.
- Sagarbide eta Alairen arteko gunea berrurbanizatzeko lanak (75.000 euro). Udalaren esanetan, "A3 dendaren eremuko birmoldaketa honekin Aita Mari eta Alai auzoen arteko lotura irisgarriagoa egingo da, eskolako bide sarearen atal bat osatu, eta bidegorriari jarraipena emateko".
- Arritokietako ur ponpategian konponketak (56.000 euro). "Obra honek Alde Zaharreko bizilagunei ur hornidura bermatuko die", udalaren esanetan.
- Zumaiena ikastetxearekin hitzarmena (42.000 euro), Baso magikoa proiektua finantzatzen laguntzeko.
- Estazioan bizikletentzako gune estalia (30.000 euro).
Eusebio Gurrutxaga plazako Gizarte zentroan (Hogarra), udaletxean, Algorri Interpretazio Zentroan eta Torreberri eraikinaren sarreran konponketak egiteko partidak handitzea ere jasotzen du plangintzak, baita hiri altzariak berritzeko 9.000 euro gehiago erabiltzea ere. Kreditu aldaketa berdinaren baitan, etxez etxeko zerbitzuan 150.000 euro gehiago sartuko dira, plegu berriak ateratzeko prozesua ahalbideratzeko.
Andikara eta Jadarre auzoetan arazketa naturalaren proiektua gauzatzeko 96.000 euro bideratzea ere onartu zuen ostegunean egindako plenoak. "Putzu septikoak ekiditeko, saneamendu-urak garbitzeko sistema egingo da, modu naturalean. Filtro naturalen bidez, eta zenbait etapa jarraituta, ur garbia aterako da. Zumaiako Udalak proiektua gauzatzeko dirulaguntza jaso du", azaldu dute.
Udal gobernuak plenora eramandako kreditu aldaketa EH Bilduren (5), EAJren (3) eta PSE-EEren (1) aldeko botoekin onartu zen.
Ordenantzak
Udal ordenantza batzuk eguneratzea edota berriak sortzea ere onartu zuen uztaileko ohiko plenoak. Herriko bideetako zirkulazioa arautu nahian, Oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazio ordenantza onartu zuen bilkurak guztien adostasunarekin.
Bestalde, autokarabanei zuzendutako ordenantza ere onartu zuen plenoak. Urola Enparantza plazan izango duen autokarabanentzako guneen erabilera arautzea du xede ordenantza honek. Udalaren esanetan, zerbitzugune honek autokarabanak aparkatzeko espazio bat izango du, inguruan belar-gunea eta irteeran zerbitzu gunea. Espazio honetan kontsumorako ur puntua, ur grisak isurtzeko eremua eta ur zikinen ebakuazio puntuak jarriko dira. Autokarabana aparkalekuen artean banatuta, argi indar kuadroak ere ezarriko dira. Proposamen hau ere alderdi guztien adostasunarekin onartu zen.