Euskal preso, deportatu eta iheslarien etxeratze prozesuan bultzada emateko, hainbat ekimen izan dira gaur, larunbata, Gipuzkoan, Ibilian-ibilian, etxerako bidean lelo hartuta. Eguraldia ez dute alde izan, baina Urola Kostan ere herritar ugari elkartu da Sare eta Etxerat euskal presoen aldeko mugimenduaren deialdiari erantzunez, urratsez urrats, kostako herriak lotuz.
Oriotik eta Zumaiatik martxa bana abiatu da goizean: oriotarrak izan dira goiztiarrenak, 9:00etan elkartu baitira plazan, eta Txurrukatik barrena egin dute bidea Zarauzko malekoiraino. Ordurako, aldarrikapenak soinean zain zituzten zarauztarrak, eta elkarrekin egin dute Getariarako bidea. Zumaian, berriz, 10:00etan abiatu dira Beheko plazatik, eta Santiago parean elkartu dira zestoarrekin.
Getarian egin diete harrera bi martxei, 11:30ean. Alde Zaharreko kaleetan itzulia eman dute txistu eta danbor soinuek lagunduta, eta Gudarien Enparantzan egin dute geldialdia. Libe Goenagaren bertsoaren ondotik, Inaxio Oiartzabal Sareko bozeramaileak hartu du hitza. Antton, Ekaitz, Gregorio, Gotzon eta Pow bailarako presoak gogoan hartu nahi izan ditu: “Etxerako bidean jarri nahi ditugu, gertu izan arren, hiru laurdenak bete dituztenen kasuan baldintzapeko askatasuna egi bilakatuz”. Egitasmoa “presoek bizi dituzten salbuespenezko neurri guztiak bertan behera gera daitezen” elkartu direla gaineratu du Oiartzabalek, bestalde.
Euskal presoak etxeratzera bidean, “lehen pauso batzuk eman dituztela” esan du Sareko bozeramaileak. Haren hitzetan, “eremu ezberdinetan eraikitako aktibazio eta adostasunari esker” izan da hori. Oztoporik eta eskari erantsirik gabe, euskal preso guztiei etxeratzeko prozesua parez pare irekitzeko garaia badela nabarmendu du, eta prozesu hori bete dadin lanean jarraitzeko deia egin du. “Ziur egon lortuko dugula”, amaitu du hitzartzea Oiartzabalek.
Gudarien Enparantzan elkartutakoek Kalera, kalera abestu dute eskusoinuaren erritmora. Donostiako Klasikoa Getariatik igarotzekoa zenez, hitzordua baliatu dute presoen aldeko aldarrikapenak ikusarazteko.
Hondartzetan, bihar
Etxeratek deituta, euskal preso, deportatu eta iheslari politikoen eskubideen alde Euskal Herriko hainbat hondartzetan elkartuko dira bihar. Urola Kostan, Orioko eta Zarauzko hondartzetan izango da bilkura, 12:00etan. Ekitaldi horrekin emango diote amaiera Sarek eta Etxeratek Ibilian-ibilian dinamikari.