Zumaiako Musika Jaialdia 2021

Kontzertu ederra eskaini dute Musika Bandak eta Maria Zubimendik

Gorka Eizagirre 2021ko abu. 1a, 09:30

Zumaiako Udal Musika Bandak eta Maria Zubimendi akordeoi jotzaileak kontzertu ederra eskaini zuten atzo, larunbata, Zumaienako aretoan. Astor Piazzola musikari argentinarra izan zuten gogoan jotako piezetan, haren jaiotzaren ehungarren urteurrenean. 

San Pedro Abesbatzaren txanda izango da gaur. Isildu nahi ez den hura izenburua duen kontzertua eskainiko du Amaia Aldalurrek zuzentzen duen koroak. Mari Carmen Azpeitiaren pianoak eta soka laukote batek lagunduta abestuko du abesbatzak. Herriko musikari baten, Iker Gonzalez Cobeagaren, bospasei lan abestuko dituzte, eta horietako bat lehen aldiz abestuko den obra izango da. Keinu honekin aitortza egin nahi dio Abesbatzak bere taldekideari, Amaia Aldalurrek esan duen bezala, "Zumaiako herriak bertako konpositore baten berri izan dezan".

Parrokian izango da kontzertua, 20:00etan. Ekitaldirako gonbidapenak agortu dira dagoeneko.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide