Iñigo Peña Olinpiar Jokoetan

"Tokion domina lortzeko aukera benetakoa da"

Gorka Zabaleta / Gorka Eizagirre 2021ko abu. 2a, 09:47

Peña-Arriola sendiaren etxean urduritasuna areagotzen ari da Tokioko hitzordua gerturatu ahala. Iñigo Peñaren bigarren Olinpiar Jokoak dira eta badute domina bat lortzeko itxaropena. Etxeko ateak zabaldu dizkigute, Iñigoren abentura olinpikoa etxekoen begietatik ezagutu dezagun.

Apuntatu agendan: asteazken goizaldean, 4:22tik aurrera, jokatuko dira Tokioko Olinpiar Jokoetan piraguako K2 1.000 metroko probako kanporaketa estropadak; eta ostegun goizaldean, 3:26an finalaurrekoak, 5:47an B finala, eta 5:55ean final handia. Dena ondo bidean, Iñigo Peña eta Francisco Cubelos han izango dira, dominen lehian.

Itxaropen hori badute, behintzat, Iñigoren guraso Jose Antonio Peñak eta Idoia Arriolak, eta arrera Laurak. "Oraingoan aukera benetakoa da, emaitzak hor daude, egindako lana ere bai. Gero, edozer gauza gerta daiteke, baina oinarri sendoa dute domina batean pentsatzeko". 

Bide luzea egin du Iñigo Peñak puntu honetara iristeko, eta horien errepasoa egin dugu bere senideekin (bideoan). Bederatzi urtekin piraguan hasi eta oso txikitatik nagusi izan zen estropada gehienetan; 16 urtekin emandako urrats gogorra baina erabakigarria, Madrilera joan zenean bizitzera Espainiako selekzioak deituta; urratsez urrats egin duen bidea, nazioarteko dominak, 2016ko Rioko Jokoak, pandemiaren urtea, eta orain Tokio. 

Pena dute ez dutelako Tokiora bidaiatzeko aukerarik izan, baina etxean ikusiko dute. "Bi gaupasa egingo ditugu segidan", dio Jose Antonio Peñak. "Ordu txarrak dira... Goiko bizilagunari esan diot, lasai egiteko, irabazten badu konturatuko dela nire oihuekin", jarraitu du Idoia Arriolak. Badakizue, asteazken eta ostegun goizalderako ez egin beste planik...

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide