Iñigo Peña Olinpiar Jokoetan

“Tokioko Jokoak momenturik onenean iritsi zaizkie”

Gorka Zabaleta 2021ko abu. 3a, 09:57

Iñigo Peñak eta Francisco Cubelosek osatzen duten K2aren ezaugarriak eta mila metroko distantziaren nondik norakoak azaltzeko eskatu diogu bost aldiz munduko txapeldun Oier Aizpuruari.

Meritu bikoitza
Olinpiar Jokoetan parte hartzea zer den ez dakit, baina badakit baloratzen zer den borroka horretan egotea (Sidney 2000 eta Atenas 2004) eta zer zaila den txartela lortzea. Iñigo Peñaren kasuan, zailtasuna bikoitza izan da. Rioko Jokoetan K4an hartu zuen parte, mila metrotan. Proba hori kendu egin dute egitarautik eta Tokiorako beste bide bat hartu behar izan du. Txipa aldatu, helburuak aldatu, modalitatea aldatu, bikote berria osatu... Cubelosekin K2 oso ona osatu du eta Tokiora iritsi dira, dominarako aukerarekin. Ematen du erraza dela, baina oso zaila da Iñigok egin duena.

Bikote ezohikoa
Peñak eta Cubelosek osatzen duten bikotea antinatura da, erabat. Berez, idealena da bi kideek altuera antzekoa izatea, besoen luzera berdina, palada berbera edo antzekoa izateko.Iñigok 1,94 neurtzen du eta Cubelosek 1,70; pisuan ere alde handia dago. Nik ez dut horrelako beste K2rik ikusi, erabat bitxia da.

Rioko Jokoen ondoren, biak aurkitu ziren bidegurutze batean baina, zorionez, elkarrekin probatu eta lehen unetik ontzia oso ondo ibili zen. Hala ere, egokitzapen lan handia egin dute urte hauetan, arraunkera berdintzeko, teknikoki hobetzeko. Eta ontzi barruko neurriak ere moldatu egin dituzte ekoizlearen laguntzarekin, pisuak orekatzeko.

Bi K1 onek ez dute K2 on bat ziurtatzen
Biko ontzi on bat lortzeko kilometro piloa egin behar izaten da elkarrekin. Bakarka ere landu behar da, bien teknika ahalik eta berdintsuena izan dadin. Nolabait erdigune bat bilatu behar dute, bestearen ezaugarrietara egokitu. Nik beti esaten dut K2a bi pertsonen arteko dantza bat dela, modu koordinatuan egiten bada ontzia aurrera joango da; bestela, arazoak hasten dira. Beraien kasuan oso zaila zirudien hori lortzea, palankan alde handia dagoelako, baina lortu dute. Bestearen ezaugarrietara egokitzeko gaitasun handia dute eta hori funtsezkoa da taldekako ontzietan. Biak bakarka oso onak dira eta K2 bikaina osatzeko gai izan dira, oso ezberdinak diren arren.

Iñigoren anbizioa
Iñigoren kasuan oso gaztetatik ikusi zen fisikoki aparta zela. Teknikoki ez zegoen horren landua, baina fisikoarekin arerio guztiak txikitzen zituen. Denborarekin gorpuzkerak eta indarrak berdintzen joaten dira, baina berak, lan asko eginda, jakin du teknikoki oso maila ona lortzen. Fisikoaz aparte burua izan behar da, hor goian hainbeste denbora mantentzeko, presioari eusteko, sailkapen estropada horietan zure onena emateko, burua oso ondo eduki behar duzu. Iñigoren kasuan anbizioa ikusten zitzaion txikitatik. Helburu bat lortzen bazuen, segituan helburu handiagoa jartzen zuen. Begiz jota dauka jokoetan domina bat lortzea eta daukan ahalmenarekin eta anbizioarekin, eta Cubelos ere konpetitzen oso ona dela jakinda, lortu dezakete.

Cubelosen buru hotza
Paco Cubelosek K1ean ere beti demostratu du burua oso hotz mantentzen duela, atzetik aurrerako estropadak egiteko gaitasuna du. Londresko jokoetan K1ean hartu zuen parte, oso gazte zela, eta finalean sartu zen. Berak badaki helmugan denborarik onena egiteko zer egin behar duen eta plan hori betetzen du. Berdin dio aldamenekoek ihes egin badiote hasieran. Berak erabaki badu 750 metrora arte itxarotea, hala egingo du. K2an ere hala egiten dute. Hasieran badirudi atzean gelditzen ari direla, ez doazela ondo, aurkariek alde handia ateratzen diete, baina iristen da azken laurdena eta sekulako igoera jotzen dute.

1000 metroko distantzia
Mila metrokoa da gehien gustatzen zaidan proba. Muga-mugara eramaten zaitu. Badirudi esprinta dela, baina ez da. Oso fuerte ateratzen zara eta denbora guztia ia topera zoaz, baina indarrak kudeatzen jakin behar da. Burua hotz. Aldamenekoa atera daiteke normalean baino azkarrago eta zuk jakin behar duzu zureari eusten, bestela lehertu egin zaitezke. Hor estrategia diferenteak daude. Batzuk topera ateratzen dira 500 metro eta bigarren zatian eustera, ateratako aldearekin nahikoa izango den esperantzarekin.

Iñigok eta Pacok beste estrategia bat daukate. Ateratzen dira fuerte, noski, baina indarrak gordetzen doaz amaierarako. Nahiz eta estropadaren lehen erdian beraien burua atzean ikusi, batzutan oso atzean, plana mantentzen dute. Estropadaren amaieran, azken 200 metrotako agonia hori etortzen da. Hankak eta besoak minbera eta gogortuta dauzkazu, odol zaporea ahoan, eta buruak gelditzeko eskatzen dizu, azido laktikoa gainezka daukazulako, oxigenoa falta zaizu eta zorabiatzen hasten zara, koordinazioa galtzen... Orduan, muga-mugako momentu horretan, kapaz dira beste koska bat igotzeko. Ahalmen fisiko handia behar da hori egiteko, baina buru aldetik ere oso indartsua izan behar zara zure planari eusteko. Eta bikote batean bi buruek izan behar dute bat. Nahikoa da batek zalantza egitea dena izorratzeko. Horregatik da proba politena, esprinta da baina erresistentzia maila handia izan behar duzu.

Dominarako hautagaiak
Ikusi ditugu mundialetan bigarren sartzen, eta oraingoan espero dezagun lehenak izatea. Nik badut itxaropen hori. Ziklo osoan emaitza txar bakarra izan dute, aurten, baina ez nau kezkatzen. Prestaketaren momentua izan zen, beraiek oso lasai daude. Erakutsi dutenarekin itxaropenerako argudio garbiak daude. Tokioko Jokoak momenturik onenean iritsi zaizkie. Anbizioz eta ilusioz iritsi dira.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide