Gaur goizaldeko 4:38an zuten lehen hitzordua Iñigo Peñak eta Francisco Cubelosek Tokioko Olinpiar Jokoetan. K2 1.000 metroko modalitatean podiuma dute begiz jota, baina bide horretan lehen urratsa gaur egin beharra zegoen, kanporaketa gainditu eta finalaurrekora sailkatuz. Eta arazorik gabe lortu dute, estropada kontrolpean izan dute uneoro. Helmugara lehen postuan iritsi dira (3:10.138), eta haiekin batera Txinako K2a sailkatu da (3:10.292). Atzerago helmugaratu dira errusiarrak, 10 segundora, Hungariako K2a 16 segundora eta Samoakoa 45 segundora.
Aurreikusitako gidoia ezinhobeto bete dute Peñak eta Cubelosek. Errusiako K2an hartu du estropada burua lehen txanpan, baina oso gertu ziren Espainiako eta Txinako ontziak. Estropada erditik aurrera hasi dira pixkanaka estutzen Cubelos eta Peña, eta hortxe lehertu da Errusiako bikotea. Txinako Bu eta Wang, aldiz, ez dira atzean gelditu eta helmugaraino lehiatu nahi izan dute kanporaketako garaipena. Peñak eta Cubelosek, ordea, oso ondo kontrolatu dute lasterketa burua eta, gehiegi behartu gabe, aurreneko postuan zeharkatu dute helmuga. Bihar finalaurrekoan izango dira, goizaldeko 3:26tik aurrera.
Iñigo Peña, pozik gaurko estropadarekin
Estropada amaitu berri, emaitzarekin eta egindako lanarekin pozik agertu da Peña. "Gaurko helburua zen zuzenean sailkatzea finalaurrekoetara eta lortu dugu. Bihar egun gogorra izango da, bi estropadak oso segidan dira, baina konfiantza handia daukagu eta gaur bezalako estropada egiten badugu finalean izango gara. Dena den, pausoz pauso joan behar da eta aurrena finalaurrekoak gainditu behar dira. Hamabi ontzi onenak egongo gara eta zortzirentzat dago lekua finalean".
Beste bi kanporaketak
Aurrez jokatu diren beste bi sailkapen estropadetan, Australiak, Alemaniak, Hungariak eta Txekiar Errepublikak lortu dute zuzenean sailkatzea finalaurrekoetara. Lehen kanporaketan, Thomas Green eta Jean van der Westhuyzen australiarrak izan dira azkarrenak, urrerako faborito diren Max Hoff eta Jacob Schopf alemaniarren aurretik. Australiarrek, gainera, Olinpiar Jokoetan inoiz egin den markarik onena lortu dute: 3:08.773 (1996tik zegoen indarrean aurreko marka). Adam Botek eta Samuel Balaz eslovakiarrek hartu dute estropada burua abiatu orduko. Lan erdietara aurretik iritsi dira, baina handik aurrera Australiak hartu du aurrea, helmugaraino. Alemaniako K2ak azken txanpan egin du aurrera, eta finalaurrekorako postua ziurtatu du bigarren helmugaratuta.
Bigarren kanporaketan, Hungariako Balint Kopasz eta Bence Nadas izan dira aurrenak, Txekiako Josef Dostal eta Radek Sloufen aurretik. Kopasz hungariarrak urrea irabazi du aurten Tokion K1 1.000 metroko estropadan, eta gaur K2an ere sasoi betean daudela erakutsi nahi izan dute, ia estropada osoa buruan eginda. Ikusi beharko da nahikoa indar gorde ote duten biharko. Txekiarrak arazorik gabe sartu dira bigarren postuan, azken txanpan gehiegi estutu gabe.
Final tankera duen finalaurrekoa
Finalaurrekoetara zuzenean sailkatu ez diren bikoteek final-laurdenak jokatu dituzte ia segidan. Lehenengoan, Bielorrusia, Zeelanda Berria eta Italia sailkatu dira; bigarrenean, Australiak, Eslovakiak eta Hungariak lortu dute finalaurrekorako txartela. Gainontzekoek B finala jokatuko dute bihar.
Finalaurrekoei dagokienez, lehena 3:26an jokatuko da, ondorengo ontziekin: Zeelanda Berria, Txina, Australia, Txekiar Errepublika, Australia eta Italia. Bigarrenean arituko dira Peña eta Cubelos, 3:34tik aurrera: Eslovakia, Alemania, Espainia, Hungaria, Bielorrusia eta Hungaria. Final tankera duen finalaurrekoa izango da, faborito gehienak bigarren finalaurreko horretan egokitu baitira. Txanda bakoitzean seitik lau sailkatu dira final nagusirako, eta azken biak B finalerako.