Asteburuan Ondarroan, Astilleron eta Getarian izango dituzte estropadak Zumaiako taldeek

Dorleta Agiriano Lai 2021ko abu. 6a, 09:00

(Telmo Deun)

ETE ligako neskek Ondarroan jokatuko dute XXXVII. Ondarroako Bandera, larunbatean. KAE1 ligako mutilek Astilleron egingo dute arraunean larunbatean, baina Getarian arituko dira igandean.

Aurrera doaz abuztuko traineru estropadak ere. Asteburu honetan Kantabriara bidaiatuko dute KAE1 ligako mutilek, eta tartean izango dira Telmo Deun Arraun Elkarteko mutilak ere. Izan ere, Astilleron arituko dira larunbatean, 17:00etatik aurrera. Igandean, berriz, etxetik gertu egingo dute arraunean, Getarian: Getariako XII. Ikurrina jokatuko dute 11:30ean.

Zumaia zortzigarren sailkatua da KAE1 ligan, 6,57 punturekin. Haren aurretik dago Deusto (8,67 puntu) eta atzetik Orioko bigarren ontzia (4,89 puntu), bederatzigarren postuan. Getaria da lehenengoa oraingoz (11,11 puntu), Pedreña bigarrena (10,89 puntu) eta Kaiku hirugarrena (10,67 puntu).

Emakumezkoen bigarren ligako taldeek Ondarroan izango dute estropada larunbatean, 12:00etatik aurrera. XXXVII. Ondarroako Bandera irabazteko lehia izango da aste honetakoa, eta parte hartuko dute Zumaiako neskek ere.

ETE ligako laugarren postuan dago Telmo Deun, eta 7,44 puntu lortu ditu oraingoz. Zumaiarren atzetik doa San Juan, bosgarren postuan baitago 7,22 punturekin. Tolosaldea da liderra (10,67 puntu), bigarrena Deusto (9,78 puntu) eta hirugarrena Hibaika (9,22 puntu).

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide