Final handirako txartela lortzearekin batera ahalik eta indar gehien gordetzea ziren finalaurreko bi helburu nagusiak, hitzordu nagusirako bi orduko tartea baino ez baitago. Bi helburuak bikain bete dituzte Peñak eta Cubelosek, atzetik aurrerako estropada eginez, eta azken txanpan laugarren postua ziurtatzeko adina indar xahutuz, ez gehiago.
Irteeran Balaz era Botek eslovakiarrek hartu zute estropadaren burua. Hoff eta Schopf alemaniarrek ere aurrealdean atera dira eta lehen postuetan egin dute estropada osoa. Cubelosek eta Peñak, aldiz, atzetik aurrerako lana egin dute, ohi duten bezala. Azken postuan kokatu dira lan erdietaraino, buruarekiko pare bat segundoko atzerapenarekin, baina handik aurrera hasi dira aldeak murrizten. Eslovakia indarrik gabe gelditu da nahi baino lehen eta Hungariako bigarren ontzia ere garaiz gainditu dute. Laugarren postua ziurtatu dutenean helmugara iristea izan da helburua, Alemania, Hungaria eta Bielorrusia gainditzeko alferriko ahalegina egin gabe.
Lehen finalaurrekoan Australiako bi ontziak oso bizi abiatu dira. Green eta Van der Westhuyzen gai izan dira estropada osoa buruan egiteko, baina beste ontziak ezin izan dio erritmoari eutsi eta, Italiarekin batera final handitik kanpo gelditu da. Australiarren lehen ontziaren atzetik, Zeelanda Berria, Txina eta Txekiar Errepublika sailkatu dira.
Beraz, hauek dira finala jokatuko duten zortzi ontziak, lehen kaletik hasita: Txekiar Errepublika (Slouf-Dostal), Bielorrusia (Borikau-Yurenia), Zeelanda Berria (Brown-Imrie), Alemania (Hoff-Schopf), Australia (Green-Van der Westhuyzen), Hungaria (Nadas-Kopasz), Txina (Bu-Wang) eta Espainia (Cubelos-Peña).