Deba-Zumaia Biotopoko erabilera publikoaren plana onartu dute

Juan Luis Romatet 2021eko abuztuaren 6a

Deba eta Zumaia arteko itsasertza Biotopo babestu deklaratu zuen Eusko Jaurlaritzak 2009. urte hasieran. Orain, babes maila hori eman ziotenetik hamabi urtera, haren erabilera publikoa arautzeko plana onartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, haren kudeatzaileak.

2009ko otsailean onartutako izendapenak babes araubide berezia ezarri zion Deba eta Zumaia arteko itsasertzari. Biotopo Babestu bihurtzeak “babes-araubide berezia ezartzen du eremu horretarako, eta lurraldean esku hartzeko ildoak zehazten ditu, ber- tan garatzen diren erabilerak eta jarduerak mugatuz, eta sektore bakoitzeko joeraren eta antzemandako babes eta kontserbazio beharren arabera zonifikatuz”.

Hori hala izanda ere, itsasertzeko eremu honek ez du haren erabilera publikoa arautzen duen planik izan hamabi urte hauetan. Orain arte. Aldundiak aste honetan publikatu du plan hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Dokumentuak azaltzen duenez, erabilera publiko honek “aisialdiarekin, turismoarekin, hezkuntzarekin, ikerketarekin eta lagin geologikoen bilketarekin lotutako erabilerak” arautuko ditu.

Araudiaren arabera, Biotopo Babestuak hartzen duen eremuan, “dituen ezaugarri bereziak aintzat hartuta, ez dira erabilera publikoko jarduerak sustatuko, Organo Kudeatzaileak antolatutako eta baimendutakoak izan ezik (bisita gidatuak, hezkuntza-erabilerak eta/edo dibulgaziokoak, etab.), eta, hala badagokio, jarduera horiek mugatu ere egin daitezke”. Antolatu gabeko jardueren kasuan, izan daitezkeen debekuak ere jasotzen ditu planak.

Ibilgailu motordunak

Debekatuta izango da biotopo babestuaren barruan ibilgailu motordunekin zirkulatzea, “erabilera publikoaren mapa orokorrean adierazitako zirkulazio libreko errepide eta bideetan izan ezik. Zirkulazio libreko bideetatik kanpo, egoiliarrek, lursailen jabeek eta zerbitzu profesionalek bakarrik zirkulatu ahal izango dute”.

“Oro har, Biotopo Babestuaren mugen barruan, zirkulazio li-breko bide publikoak barne (sarbideak, errepideak, etab.), ez da baimenduko ibilgailu motordunen erabileran oinarritutako kirol-lehiaketa edo/eta kirol-erakusketarik”, gaineratzen du. Horiez gain, ibilgailuei buruzko arauak betetzen ez badira, “dela zirkulazioa, aparkalekua, gaua igarotzea edo beste edozein arau-hauste, gertakarien egilea izango da erantzule”.

Mendiko txirrindularitza eta zaldi-ibilbideak.

Debekatuta egongo da jarduera horiek errepide, pista eta bide finkatuetatik kanpo egitea. BTT ibilbideak seinaleztatzeko, Organo Kudeatzailearen baimena beharko da. Txirrindulari eta zaldien aldean, oinezkoek lehentasuna izango dute pasatzeko eta bidezidorrak erabiltzeko. Nekazaritzako ibilgailuek lehentasuna izango dute natura- gune babestuaren barruko edozein komunikabide erabiltzeko orduan.

Mendi ibilaldiak

Araudiak jasotzen duenez, Biotopo babestuak bidezidor homologatuen sare bat du, erabilera publikoa bideratzeko: ibilbide tematikoen sarea, Talaia Ibilbidea eta Donejakue Bidea. Horiez aparte, debekatuta egongo da sega-belardiak zapaltzea, “hau da, urtean zehar ondoz ondoko mozketen bidez aprobetxatzen direnak, belarrak hogei zentimetroko altuera gainditzen duenean”.

Txakurrak beti kontrolatuta egon behar dira, jabearengandik gehienez hamar metrora, eta, beharrezkoa izanez gero, lotuta. “Ez da onartuko gaizki kontrolatutako txakurrek basafauna edo etxeko azienda asaldatzea”. Baimendutako ehizan bakarrik ibil daitezke aske txakurrak,

Atal honetan, Algorriko labarren gainaren babesa nabarmentzen du araudiak, “jende asko biltzen denez eta degradatzeko arriskua” dagoelako. Bertan, egokitutako bidezidorretatik soilik igaroko da, eta ezin izango dira inbaditu lursailean seinaleztatutako ingurumena berreskuratzeko eremuak. “Tokiko flora delikatua kontserbatzeko eta erabiltzaileen segurtasunerako, zorrotz eta bereziki debekatuta dago bidezidor-amaierako seinaleak eta ezproi harritsu horren muturrerako sarbidea gainditzea”.

Eskalada eta Akanpada

Eskalada erabat debekatua dagoela dio planak, “Organo Kudeatzaileak berariaz baimendutako eta Gipuzkoako Mendi Federazioarekin adostutako guneetan izan ezik”.

Akanpada, berriz, ez dago baimenduta Biotopo Babestuaren barruan. Ezingo da sua egin, Errota Berri eta Elorriagako aisialdi gunetan izan ezik; “horretarako, bertan dauden instalazio finkoak edo erabiltzaileek jartzen dituzten instalazio eramangarriak erabiliko dira, baina bermatu beharko dute beti sugarrak zoruarekin zuzeneko kontakturik ez izatea”.

Karabanan, furgoneta egokituan edo beste edozein ibilgailutan gaua pasatzeko baimena aisialdi gune horietan bakarrik emango da, eta egonaldia 15 egunean behin gau bakar baterako izango da. Bi aisialdi guneetako aparkalekuak ibilgailuak aparkatzeko baino ez dira izango.

Droneak, helikopteroak eta aireko bitartekoak erabiltzea.

Biotopo Babestuan ez dago baimenduta aireko bitartekoak erabiltzea Organo Kudeatzailearen berariazko baimenik gabe, eta harekin harremanetan jarri beharko da gutxienez 3 aste lehenago. Hegazti harkaiztarrek habiak egiteari lotutako muga garrantzitsuak eta urtarokoak daude.

Kirol probak

Biotopo Babestuko edozein eremu zeharkatzen duten kirol proba antolatuek Organo Kudeatzailearen baimena izan beharko dute.

Taldeak marearteko zabalgunean

Oro har, marearteko zabalgunean (erabilera publiko mugatuko eremuan) sartu nahi duten eskola-taldeek edo bestelako taldeek, biodibertsitateari buruzko behaketa edo tailerrak egiteko, Algorri interpretazio zentroko gidariekin batera joan beharko dute. Hala ez bada, taldeak biotopo babestuaren Organo Kudeatzailearen berariazko baimena izan beharko du. “25 pertsonatik gorako taldeek ezin dute nahi bezala sartu marearteko zabalgunean”.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide