Zumaiarren doinuak

Miriam Romateten doinuak

Erredakzioa 2021ko abu. 11a, 09:00

Baleike.eus-ek atal berria du martxan. Asteazkenero zumaiar batek aukeratutako bost abesti jasoko ditugu, eta Miriam Romatetek inauguratu du atala. Kultur teknikariak haren bizitzan nolabaiteko esanahia izan duten bost abesti hautatu ditu. 

"Hemen bost abesti, ez onenak, ezta ordenean ere, baina zerbait eragiten didaten bost abesti".

1. Anari - Ametsen eraiste neurtua 

Anariren abestietako hitzak behin eta berriz irakurtzekoak dira, mezuak, eta kasu honetan izugarriak. Baina, horrez gain, abesti hau pixkanaka biltzen zaituen olatu bat bezala sentitzen dut, batik bat taldearen zuzenekoetan.

2. Radio Futura - Semilla negra

Gaztetatik izan naiz Radio Futuraren zalea, eta abesti hau ze ondo zahartu den! Esaldi andanak poesiaz beteak, eta jende gutxi egongo da musika honekin geldirik egon daitekeena.. Ordu txikitan eta ilunpean, edo gidatzen kantuan, denerako balio du.

3. Astor Piazzola - Oblivion 

Nire ingurukoek oso ondo dakite abesti (pieza?) hau azken urteetan nire maitatuenetako bat dela. Barru-barrura sartzen zaidalako, melankolia eragiten didalako, beste leku batera eramaten nauelako. Klarinete, musika banda, akordeoi edo soka laukotean… Hobe ezina.

4. Elvis Costello - I want you

Pelikula batean entzun nuen lehen aldiz, eta ez nuen bakerik izan anaiak zer abesti zen esan bitartean. Obsesiboa, posesiboa, hipnotikoa, Costelloren ahotsak abesti honetan jori eta gehiago transmititzen dizu.... Agian ez da eman nahiko genukeen mezua, baina ze ederra!

5. The Cure - Friday I'm in love

The Cure-ek denetik du, abesti ilunak, eta bestelakoak.. Baina nik hau aukeratuko nuke, makina bat “bote” eman ditugulako musika honek lagunduta. Eta nola ez, lehen doinutik duela urte batzuek Piruren Algorri tabernan emandako orduak datorzkit burura, eta nola Julyk astero eta marmarrik gabe nik eskatu orduko jartzen zuen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide