Beheranzko joerari eusten dio intzidentzia tasak

Julene Frantzesena 2021ko abu. 12a, 13:13

Lau kasu zenbatu zituzten atzo Zumaian, Osasun Sailak emandako datuen arabera. Hala eta guztiz, 50 puntu behera egin du intzidentzia tasak. Ospitaleetako egoerak zertxobait hobera egin du azken orduetan. 

Koronabirus kasuen zabalkundeak ez du etenik, eta eskualdea ere ez da salbuespena izan. Dena den, Zumaiako datuek apaltzera egin dute; izan ere, atzo lau kasu hauteman bazituzten ere, beheranzko joerari eusten dio intzidentzia tasak: 50 puntu jaitsi da, 722,50tik 671,62ra, hain zuzen ere. 

 Eskualdean, guztira, 23 positibo zenbatu zituen Osasun Sailak, herenegun baino zortzi gutxiago. Kasu gehienak Zarautzen detektatu zituzten atzokoan: zazpi. Gainerakoan, honako hauek dira herrikako datuak: Azpeitian, bost kasu; Azkoitian, hiru kasu; eta kasu bana Aian, Getarian, Orion eta Zestoan.

5.000 biztanletik gorako herrien artean Orio da eremu gorritik atera den herri bakarra. Hala eta guztiz, Azkoitiko intzidentzia tasa ere asko ari da jaisten (425,6 da egun). Herri horien artean, Azpeitiak du eskualdeko tasarik altuena gaur-gaurkoz (827,86), baina atzotik behera egin du zenbateko horrek ere.

Ospitaleetako egoerak hobera

Atzo 9.251 PCR eta antigeno proba gauzatu zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak Hego Euskal Herrian, eta proba horietan 1.171 lagunek eman zuten positibo –916k lagunek herenegun–. Zehazki, 927 kasu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzeman zituzten, eta 244 Nafarroan. Datu horiek tarteko, positibotasun tasa %12,5 da gaur-gaurkoz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %13,4 Nafarroan.

Lurraldez lurralde, Bizkaian detektatu dituzte kasu gehien: 482. Gainerako lurraldeetan, berriz, honako hauek izan dira datuak: Gipuzkoan 250; Nafarroan 244; Araban, 175; eta lurralde horietatik kanpo bizi diren hogei lagunek ere eman dute positibo azken orduetan.

Ospitaleetako egoerak zertxobait hobera egin du, dena den. Atzo 59 lagun ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta herenegun baino hamahiru lagun gutxiago daude jada lurralde horietako erietxeetan: 269, guztira. ZIUetan ere herenegun baino hiru lagun gutxiago daude; 64 pertsona, hain zuzen. Nafarroako ospitaleetako egoerak herenegungo berbera izaten segitzen du: 93 lagun daude erietxeetan, horietatik 23 ZIUn.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide