Beste bost kasu positibo zenbatu dituzte Zumaian azken orduetan

Amaia Urbieta Arruti 2021ko abu. 13a, 13:16

Atzoko intzidentzia tasa bera du Zumaiak, 671,62, hain zuzen ere. Ospitaleetako egoera gorabeheratsua da: gaur-gaurkoz, 281 lagun daude Osakidetzaren mendeko erietxeetan COVID-19aren ondorioz ospitaleratuta

Eusko Jaurlaritzak plazaratu berri duen txostenaren arabera, Zumaian bost kasu positibo zenbatu zituzten atzo. Intzidentzia tasa atzoko bera da, 671,62, hain zuzen ere. Herenegun baino hamar koronabirus kasu gehiago zenbatu zituzten atzo Urola Kostan; denera, 33. Orokorrean, duela aste batzuk baino hobea da egoera, baina jaitsiera oso pausatua da, eta intzidentzia tasei asko ari zaie jaistea kostatzen. Gaur-gaurkoz, Orio da eremu gorritik kanpo dagoen eskualdeko herri bakarra, eta hori ere oso gertu dago 400eko muga horretatik. Atzo lau positibo zenbatu zituzten kostaldeko herrian, eta gora egin du intzidentzia tasak: 391,39koa da.  

Zarautzen zortzi kasu zenbatu zituzten atzo, baina, hala ere, behera egiten jarraitzen du herri horretako intzidentzia tasak egunez egun, oso apurka bada ere. Azpeitian sei kasu zenbatu zituzten atzo, eta mantendu egin da intzidentzia tasa herri horretan. Azkoitian, berriz, kasu bakarra zenbatu zuten atzo, eta behera egin du tasak herri horretan. Gainontzeko kasuak Getarian (lau), Zestoan (lau) eta Errezilen (bat) zenbatu zituzten atzo.

ZIUen okupazioa, beherantz

Atzo 9.093 PCR eta antigeno proba gauzatu zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak Hego Euskal Herrian, eta proba horietan 1.204 lagunek eman zuten positibo –1.117k  herenegun–. Zehazki, 466 kasu atzeman zituzten Bizkaian, 220 Gipuzkoan, 213 Nafarroan eta 182 Araban. Lurralde horietatik kanpo bizi diren 23 lagunek ere eman dute positibo azken orduetan. Datu horiek tarteko, positibotasun tasa %12,1 da gaur-gaurkoz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %12,4 Nafarroan.

Ospitaleetako egoera, berriz, gorabeheratsua da. Atzo 47 lagun ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta herenegun baino gutxiago izan baziren ere, ospitaleratuta dauden pertsonen kopuruak gora egin du atzotik. Egun, 281 lagun daude Osakidetzaren mendeko erietxeetan COVID-19aren ondorioz ospitaleratuta, herenegun baino hamabi gehiago. ZIUetan, ordea, atzo baino bi lagun gutxiago daude (62). Nafarroako ospitaleetako datuak apur bat okerragoak dira herenegungoekin alderatuta. Bi lagun gehiago daude ospitaleratuta (95), eta zainketa bereziak behar dituztenak ere herenegun baino bi gehiago dira (25).

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide