Azken txanpara heldu da Gernikako Grand Slam txapelketa. Zesta puntako sari garrantzitsu honetako finalerdiak jokatuko dira gaur gauean Gernika Jai Alai frontoian. Astelehenean jokatuko den finalerako txartela lortzeko lehian izango diren zortzi pilotarien artean zumaiar bat izango da: Imanol Lopez, hain zuzen.
Gaueko lehen partidan ariko da Lopez. Barandikarekin osatuko du bikotea, eta aurkariak Hormaetxea eta Zabala izango dituzte. Berez, finalerako sailkatzeko faboritoak dira Barandika eta Lopez, baina maila honetako partidetan edozer gerta daiteke. Bigarren norgehiagokan Erkiada eta Lekerika, Olharan eta Aldazabalen aurka ariko dira.
Osasun egoerak baldintzatuta, ezingo dira Gernikako frontoiko harmailak goraino bete, baina salgai jarritako 800 sarrerak agortu egingo dira. Jaialdia 21:00etan hasiko da; ETBk 22:30etik aurrera emango du bere lehen kanalean. Finala astelehenean jokatuko da, eguerdiko 12:00etan, eta gaurkoan bezala, gauez emango du ETB-1ek.
Zumaiarrak garaile Pauen
Pauekeo Masterreko finala jokatu zen atzo, eta Zumaiako bi puntistek osatutako bikotea izan zen irabazlea; bi setetan irabazi zieten Iñaki Osa Goikoetxeak eta Imanol Lopezek Barandika eta Basqueri: 15-10, 15-14.