Erretratua

Kasualitatez sartzetik, pasio bihurtzera

Juan Luis Romatet 2021ko abu. 15a, 09:30

Ilustrazioa: Irene Irureta eta Karmele GorroƱo

Hamasei urte daramatza udaltzain lanetan Zumaian, azken hamabiak udaltzainburu, baina esan daiteke Iban Barba Urdangarin (Orio, 1981) kasualitatez hasi zela lan honetan. Surflari porrokatua bere garaian, albaitari izateko gogoa zuen, baina “pasio” bihurtu zaion lanbide hau gurutzatu zitzaion bidean. 

Orain udaltzainburuaren uniformea darama, baina Iban Barbak ez zuen txikitan polizia eta lapurretan jolasten. “Gehiago esango dizut: lan honetan hasi baino urtebete lehenago ez zitzaidan okurritu ere egingo”, dio. “2005. urtean [udaltzain izateko] lan poltsa sortu zuten hemen. Momentu horretan, nire lekua zein zen jakin gabe nengoen. Selektibitatea gainditu nuen, baina une hartan surfarekin gaixotuta nengoen; surfa bakarrik nuen buruan. Albaitaritza ikastea zen nire ideia, Zaragozan [Aragoi, Espainia], baina ez nuen neure burua kostatik urruti ikusten. Ingurumen teknikarirako goi mailako ziklo bat egin nuen, lan horretan aukera asko zeudelakoan; baina ez zen ezer ateratzen. Denbora batean edozer lanetan ibili nintzen, 24 urterekin neure buruari galdetu nion arte ea zertan nenbilen. Derrepente, Zumaian lanpostu honen aukera sortu zen, eta apuntatu egin nintzen”.  

Zumaian lanean hasi zen arte herria ezagutu ere ez zuela egiten dio. “2000. urtean sorosle lanetan ibili nintzen Zumaian. Iraila zen, eta hamabost egun falta ziren [hondartza] denboraldia amaitzeko. Orion ari nintzen lanean, eta jendea behar zuten Zumaian. Galdetu nuen ea zer hondartza zeuden Zumaian, eta bi zeudela esan zidatenean, Santiago eta Itzurun, ez nuen sinesten. Herrira heldu, eta jendeari galdezka heldu nintzen Itzurunera; harrituta geratu nintzen: ‘ze plaia da hau?’. Orion ez zuen inork hondartza hori ezagutzen”, dio.

24 orduko lanpostua
2005ean hasi zen udaltzain lanean, eta 2012tik da udaltzainburua. Udaltzainburuena 24 orduko lanpostua dela nabarmendu du Barbak. “Nahiz eta asteburuak jai izan, mugikorra eguneko 24 orduetan duzu martxan, eta zerbait larria gertatu bada, lanera etortzerako jakinaren gainean zaude. Beti dakizu, une oro, herrian zer gertatu den. Gero, beti daude bilerak, asteko planifikazioak, udaltzainen txandak zehaztea, bezperan gertatutako zerbaiten segimendua egitea, edota lehenbailehen konpondu behar diren gauzak. Ez dago aspertzeko denborarik; lana ez da inoiz bukatzen”. 

Hein batean bulegoko lana egiten du, baina kalera ateratzea ere tokatzen zaio sarritan. “Plantilla indartu da azken urteotan, baina txirrindularitza proba bat dela, kultur ekitaldi bat dela, oporrak eta bajak direla, laguntzera etorri behar izaten da”. Herrian ekitaldi asko egiten direla gogoratu du Barbak. “Proba edo ekitaldi horien guztien aurretik lan zikin asko egin behar izaten dugu, ikusten ez den lana. Orain, pandemiarekin, asko jaitsi da, nabarmen. Baina, bestela, apiriletik urrira, astebururo egoten da zerbait hemen. Zumaia bizirik dagoen herria da; hori ona da herrirako”. 

Herri txikia izanda ere, Zumaiak 10.000 bizilagun baino gehiago ditu gaur egun. Udaberritik aurrera eguraldi onarekin kostaldera etortzen diren bisitariak eta turistak gehitu behar zaizkie. Horrek lana areagotu egiten duela dio udaltzainburuak. “Eguraldi oso onarekin, azken Aste Santuan bezala, zazpi edo zortzi udaltzaineko lantaldea izanda ere gainezka ibiliko ginateke. Turismoa puri-purian dago, ez Zumaian bakarrik, euskal kostalde guztian baizik, eta egun potenteetan udaltzain gehiagorekin zerbitzu hobea emango genuke”. Duen plantillarekin konforme dago, baina bisitariak artatzeko, oro har, uste du udal zerbitzuak indartu behar direla. “Uda garaian, zenbat eta jende gehiago izan, orduan eta dei gehiago izaten dugu: bat erori dela, besteari lapurtu diotela, auto batek txakur bat harrapatu duela, Algorrin mareak harrapatuta geratu direla... Dei pila bat izaten da”. Onartu du, baita ere, TAO sistema aplikatu denetik lan karga kendu dietela udaltzainei. “TAO berria da Zumaian; 2017tik dugu, eta esango nuke azken herrietako bat izango ginela Kantauriko kostaldean sistema hau aplikatzen. Ordutik, sumatu dugu jendeak hobeto aparkatzen duela. Gauzak hobetu daitezke, baina guri honek sekulako lan karga kendu digu”.

Zumaian txapero bezala ezagutzen dira udaltzainak. Barba ez da hitz horren oso zalea. “Jaiotzez ez naiz zumaiarra, eta niretzat hitz ezezaguna da. Egia esanda, grazia handirik ez dit egiten, baina herriko edadetuekin hitz eginda, eta bere esanahia jakinda, ulertzen dut”. Txaperoak batzuentzat, munipak gazteagoentzat, udaltzainak Euskal Poliziaren parte dira, Ertzaintzarekin batera. Ertzainek bezala, udaltzainek ere formazio saioak egiten dituzte Arkautin, Ertzaintzaren akademian. “Herrietako udaltzainek (berdin du nongoa) bederatzi hilabeteko formazioa egin behar dute Arkautin. Gero, egokituko zaizun edo joango zaren herrian erabakiko dute zer erreminta izango duzun, pistola, borra edo bestelakoren bat izan. Agian herritarrek ez dute jakingo udaltzainek eta ertzainek formazio bera jasotzen dutela, baina konturatu naiz udaltzainen beste kontzeptu bat dutela orain herritarrek; profesionalagoak ikusten gaituztela. Baina garbi utzi nahi dut gure aurreko udaltzainek zuten formazio ezarekin nahikoa egiten zutela”. 

Urte gogorra
Herritar askok bezala, pandemiaren eragina nabari izan du Iban Barbak. Lan honetan hasi zenetik urte gogorrena izan dela azpimarratu du. “Oso gogorra izan da. Ezjakintasuna zegoen, beldurra... Legeak egun batetik bestera aldatzen zituzten; igande arratsalde edo iluntze batean pasatzen zizkizuten, eta hurrengo egunean indarrean sartzen ziren. Irakurri, ikasi eta barneratu behar zenituen, hurrengo egunean herritarrei azaltzeko. Ez ginen isunak jartzen hasiko; era pedagogikoan azaldu behar genizkien neurri berriak herritarrei. Hasieran, material falta ere izan genuen, eta hor herritarrak primeran portatu ziren”.

Pandemia garaian delitu motak ere aldatu egin zirela nabarmendu du udaltzainburuak. “Gabon garaian Internet bidezko iruzurrak asko hazi dira. Pandemiarekin etxean gehiago egon gara, erosketa gehiago ere egin ditugu Internet bidez, eta iruzurrak ikaragarri igo dira”.

Argia ikusten du, baina oraindik ere tentu pixka batekin ibiltzea eskatzen du. “Ari gara argi pixka bat ikusten, eta txertoak erakutsi du funtzionatzen duela. Seguru datorren urtean santelmoetako prozesioa ikusiko dugula, baina uda bukatu arte tentu pixka batekin ibili behar dugu”. 

“Udaltzainen artean beterano bezala ikusten naute. Beterano ni? 40 urte besterik ez ditut eta!”, dio irribarre batekin. Gaztea izanda, non ikusten du Iban Barbak bere burua etorkizunean? “Pribilegiatua  naiz. Lan hau pasioa da, asko gustatzen zait. Zumaian oso-oso gustura nago, oso pozik etortzen naiz lanera, eta Zumaian jubilatu nahiko nuke. Oriotarra naiz, zumaiarrei kariñoa diet, eta pixka bat zumaiarra ere sentitzen naiz. Hemen hasi nintzenean, jakin zutenean oriotarra nintzela, arraunaz hitz egiten hasi zitzaidan bat. Estropadak ondo daude, baina... ‘Arraunagatik ez gara, bada, haserretuko’, esan nion”. Eta surfa? Non geratu da surfa? “Orduko nire pasioa zen. Hamabi urtetik 24ra surfa besterik ez nuen; gaixo nengoen. Ordutik alde batera utzita daukat, baina hiru urteko umea dut, eta badut uretara sartu eta semeari surfa erakusten hasteko gogoa”.

  • Adina: 40 urte.
  • Ikasketak: Goi mailako Ingurumen Teknikaria.
  • Lanbidea: Udaltzainburua
  • Udaltzaina ez banintz... Egun batetik bestera hartutako erabakia izan zen... Bada, surflaria ezin bazen, albaitaria.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut... Elkar ikustean semeak ematen didan besarkada. Horrek laneko pena guztiak kentzen dizkit.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide