Heldu da uda, nolakoa izan da lehen lan eguna?
Lanpetua oso. Lehen egunak lasaiak izan ohi dira, baina oraingo honetan, 5 erreskate egin ditugu, estreinatzeko. Eguraldi bikaina izan dugu eta jende asko etorri da. Abuztuko egun batean adina lan egin dugu.
Eta nolako uda espero duzue?
Lehen eguna nolakoa izan den ikusita, nahiago dut gehiegi ez pentsatu. Kanpotar asko etorriko direla iruditzen zait. Mugak zabaldu zirenetik, mugimendua sumatu da eta orain, udan, gehiago igarriko da.
Dena den, iaz bezalaxe, edukierak mugatu dira. Esku hartze gutxiago egotea ekartzen du horrek?
Ez. Egun guztiak ez dira berdinak, eta urteak ere ez. Batzuetan besteetan baino harrotuago egoten da itsasoa eta lan gehiago izaten dugu. Iaz ere edukierak mugatuta egon ziren, baina jende asko ibili zen hondartzan eta erreskate dezente egin genituen. Gainera, asko etorri zitzaizkigun kexaka, jendeak urertzean maskararik ez zeramalako. Horrelakorik ez genuela onartu behar esaten ziguten eta esku hartu beharra genuela. Gure eginkizuna, ordea, ez da jendearen atzetik ibiltzea hori kontrolatzeko.
Zein dira zuen ohiko esku hartzeak?
Jendeak ez dezala pentsa filmetakoak bezalako erreskateak egiten ditugunik. Korronteak norbait eraman eta uretatik ateratzeko zailtasunak dituenean, aski izaten da eskutik heltzearekin. Uretatik kanpo, zauriak sendatzea eta baten bat zorabiatutakoan edo kolpe handi bat hartutakoan zaintzea izaten dira gure ohiko lanak. Uretan, noski, inor ez itotzea da gure helburu nagusia. Itzurunen korrontearekin izaten ditugu arazo gehien eta txilibitua jo eta jo aritzen gara. Bainu segurtasuna bermatzeko egiten dugu, ez jendea molestatzeko.
Esku hartzeak Itzurunen edo Santiagon ez dira berdinak izango, ezta?
Egia da Itzurunen, itsasoa arriskutsuagoa dela, baina Santiagon jende gehiago egoten da, eta aldi berean arazo bat baino gehiago egonez gero, asko zailtzen zaigu lana. Ekainean eta irailean 2 sorosle baino ez dira egoten Santiagon, eta uztailean eta abuztuan 3; Itzurunen, berriz, 5 egoten dira.
Emakume sorosle gutxiago ikusten dira gizonak baino, sentsazio deserosoa eragiten dizu?
Emakume gutxi gara, bai, iaz bi hasi ginen eta nik bakarrik amaitu nuen azkenean, besteak utzi egin behar izan zuelako. Aurten, hasiera honetan, behintzat, 3 gara, inoiz baino gehiago sorosle naizenetik. Dena den, gizonez inguratuta egoteak sekula ez nau deseroso sentiarazi. Gazteak gara guztiak eta oso harreman ona dugu.
Zerk animatu zintuen sorosle egitera?
18 urterekin, lan egiteko gogoa nuen, eta nituen aukeren artean sorosle izateak erakartzen ninduen gehien. Hondartzan denbora pasatzea eta itsasoa betidanik gustatu izan zaizkit.
Hondartza “lantoki” bihurtu denetik, jaiegunetan saihesten ahalegintzen zara?
Ez zait axola, egia esan. Lagunak hondartzara badoaz, ni haiekin joango naiz, kasu horretan ez noa-eta lanera.
Udan sorosle izateaz gain, zer gehiago egiten du Paula Egañak?
Ingeniaritza biomedikoa ikasten dut Donostian. Datorren urtean amaituko dut, ikasturte erdia Suedian eginda. Erasmusekin noa irailean.