Osasun Sailak kaleratutako txostenaren arabera, Zumaian beste koronabirus kasu positibo bat zenbatu zuten atzo, astelehena. Pixkanaka behera egin du egunez egun hautemandako kasu kopuruak, eta herriak eremu gorrian jarraitzen badu ere, beherantz ari da intzidentzia tasa. 641,09koa zen atzo; 630,91koa da gaur.
Urola Kostan, guztira, 22 koronabirus kasu hauteman dituzte azken orduetan. Duela astebete zenbatutakoak baino sei kasu gehiago dira –hamasei izan ziren joan den asteartean– atzo, astelehena, hauteman zituztenak.
Edonola ere, egoera hobera egiten ari da apurka-apurka, eta atzoko datuekin alderatuta, Orio da intzidentzia tasak gora egin duen Urola Kostako herri bakarra. 5.000 biztanletik gorako herrien artean, eremu gorrian jarraitzen dute Azpeitiak eta Zumaiak. Azkoitia atzo atera zen eremu gorritik, eta gaurko datuekin baieztatu daiteke beheranzko joera, ia 60 puntu jaitsi baita egun bakarrean herri horretako intzidentzia tasa.
Zarautzen zenbatu dute kasu kopuru altuena, zortzi. Azkoitian eta Getarian bi kasu detektatu dituzte, Zestoan lau eta bat Orion. Gainerako herrietan, berriz, ez da kasu berririk zenbatu.
Hego Euskal Herrian 792 kasu
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, atzo 8.404 proba egin zituzten lau lurraldeetan, eta horietatik 792k izan zuten emaitza positiboa. Bizkaian zenbatu zuten kasurik gehien: 330. Gipuzkoan 186 izan ziren, Nafarroan 151, eta Araban, 104.
Datu horien arabera, positibotasun tasa % 10eko langatik jaitsi da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan % 9,4koa da adierazle hori, eta Nafarroan, % 9,koa.
Ospitaleetako datuak, ostera, okerrera egin du. Osakidetzaren mendeko erietxeetan 283 pertsona daude ospitaleratuta, igandean baino hamahiru gehiago. Horietatik 73 dira ZIUetan daudenak. Nafarroan, berriz, hamasei pertsona ospitaleratu zituzten atzo izurriak jota. Guztira, 103 pertsona daude hango ospitaleetan, horietatik 25 Zaintza Intentsiboen Unitateetan.