Beste lau kasu zenbatu dituzte Zumaian azken orduetan

Julene Frantzesena 2021ko abu. 18a, 13:07

Hego Euskal Herriko positibotasun tasak gora egin du; izan ere, 900 kasu zenbatu dituzte. Ospitaleratu kopuruak behera egin badu ere, herenegun baino pertsona gehiago daude ZIUetan.

Osakidetzak hamazazpi positibo zenbatu ditu azken orduetan Urola Kostan, bezperan baino bost gutxiago. Zarautzen eta Zumaian launa kasu detektatu ditu Osasun Sailak, Azpeitian hiru, Orion eta Zestoan bina eta Azkoitian eta Getarian bana.

Datuok tarteko, 5.000 biztanletik gorako hiru herrik jarraitzen dute eremu gorrian gaur-gaurkoz: Azpeitiak, Zarautzek eta Zumaiak. Azpeitiak du eskualdeko intzidentzia tasarik altuena; izan ere, 749,01 da hango tasa. Zarautz, berriz, eremu gorritik ateratzeko zorian da: 424,04. Eta Zumaiako tasa 630,91 da. Azkoitia –gaur atera da eremu laranjatik– eta Orio eremu horian dira, 275,39 eta 260,93 tasekin, hurrenez hurren.

Positibotasun tasak gora

Hego Euskal Herrian, orotara, 8.978 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo Osakidetzak eta Osasunbideak, eta horietan 900 lagunek eman zuten positibo. Lurraldekako datuei erreparatuta, Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien: 374. Gipuzkoan, berriz, 207 positibo detektatu zituzten, Nafarroan 152 eta Araban 152. Gainera, lurralde horietatik kanpo bizi diren hamabost lagunek ere eman zuten positibo atzo gauzatutako probetan. Datuok tarteko, gora egin du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako positibotasun tasak; izan ere, %10,2 da orain –herenegun %9,4 zen–. Nafarroan, berriz, %9,4 –herenegun %9 zen– da adierazle hori.

Ospitaleratutako pertsona kopurua aintzat hartuta, datuek hobera egin dute. Dena den, ZIUetan herenegun baino lagun gehiago daude ospitaleratuta. Zehazki, 256 lagun daude erietxeratuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan –bezperan baino 27 gutxiago–; horietatik 75 ZIUn –herenegun baino bi gehiago–. Nafarroan, berriz, 104 lagun –herenegun baino bat gutxiago– daude ospitaleratuta COVID-19a tarteko, eta horietatik 27 daude ZIUn –herenegun baino bi gehiago–.

Neurriei eutsiko diete

Gaur goizean bildu da Labiren batzorde teknikoa, Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Gotzone Sagardui Osasun Sailburua buru zirela. Bilkuraren osteko agerraldian Sagarduik jakinarazi du uztailaren 14an 874 zela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako intzidentzia tasa, eta 507,43koa dela gaur. "Ondo goaz, baina ez gaude ondo", gaineratu du. Izan ere, arlo asistentziala ere kontuan hartu beharreko esparrua da agintarientzat neurriak arindu ala ez erabakitzerako orduan, eta beraz, orain artean ezarritako neurriei eutsiko diete gutxienez beste astebete. Bestalde, Sagardui herritarrei zuzendu zaie: "Ez da festak ospatzeko momentua, ez Bilbon, ez Donostian".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide