Zumaiako gizonezkoek hamargarren egin dute gaur Bilbon eta emakumeek seigarren

Juan Luis Romatet 2021ko abu. 22a, 18:12

[EGUNERATUA] Amaitu da liga Telmo Deun arraun elkartearentzat. Gaur jokatu dituzte emakumeek zein gizonezkoek ETE eta KAE-1 ligetarako estropadak. 

Bilbon, Ibaizabalen, jokatu dira gaur ETE eta KAE-1 ligetako estropadak. Biak ala biak erlojuaren aurka egin dira, eta Zumaiako ontziek ezin izan dute itxurarik onena erakutsi. 

Emakumeen estropadarekin hasi da arratsaldeko kirol jardunaldia. Ane Aizpuru Basterretxearen I. oroimenezko estropada jokatu da, 16:00etatik aurrera. 11 ontzi aritu dira erlojuaren aurka, eta Tolosaldea izan da irabazlea, 10:43,40 denborarekin. Zumaiak seigarren egin du gaur, irabazlearekiko 23 segundora; 11: 06,38 denbora egin du Telmo Deunek. 

Hemen gaurko estropadako denborak. 

Liga bosgarren postuan dago Zumaiako ontzia estropada baten faltan, 7,23 punturekin. Laugarren egin duen San Juan bederatzi ehuneko aldea atera dio azkenean; 7,31 puntu lortu dituzte sanjuandarrek. 

Gizonezkoak hamargarren gaur

XLIII. Villa de Bilbao estropada jokatu da jarraian. KAE-1 ligako azken estropada izan da hau, eta gizonezkoen Telmo Deunek ezin izan du itxurarik onena erakutsi. Emakumeena bezala, gizonezkoena ere erlojuaren aurka jokatu da. Lehen txandan aritu da Zumaia, eta sei traineru parte-hartzaileen artean hirugarren denbora egin du. Bigarren txandan aritu dira ligako onenak, eta denek ere lehen txandan aritu diren ontziek baino denbora hobeagoa egin dute. 

Hemen ikus daitezke gaurko estropadako denborak. 

Gaurko sailkapenean hamargarren izan da Zumaia, bandera irabazi duen Kaikurekiko 51 segundora. Zumaiak zortzigarren postuan amaitu du liga.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide