Abuztuan zehar jokatutako XLIX. Dinastia Etxabe pilota txapelketa gaur helduko da bere amaierara, 21:00etatik aurrera Aitzurin jokatuko diren finalekin. Hasteko, gazte eta jubenil mailako kategoriako finala jokatuko dute Iker Amiano-Alcantara eta Irribarria-Eskuza bikoteek. Alcantara zumaiarra txapela janzteko asmoarekin kantxaratuko da gaur. Jarraian, 23 urtez azpikoen kategoriako finala jokatuko dute Oskoz-Morgaetxebarria eta Unai Alberdi-Arbizu bikoteek.
Azken urteotan egin bezala, modu batean edo bestean herrian pilota zabaltzen lagundu duten pertsonak omenduko ditu txapelketa antolatzen duen Zumaiako Pilota Elkarteak. Aurreko urteetan pilotari ohiak omendu ditu; aurten zuriz jantzi ez, baina pilota hedatzeko lana egin duten zazpi lagun izango ditu gogoan: Jose Domingo Arriola Zubimendi, Jose Luis Eizagirre Longarte, Juan Sebastian Larrañaga Esnal, Felipe Lopez Lopez, Juan Ignacio Orbegozo Elduayen, Jose Maria Sacristan Ruiz eta Jose Ignacio Zubimendi Lopetegi. Partidak amaitu ondoren jasoko dituzte lagun hauek Aitzurira gerturatutakoen txaloak.