Harmailak bete egin ziren, eta 2.000 lagun inguru gerturatu ziren txapelketako azken partida ikustera. Aritz Erkiagak eta Imanol Lopezek osatutako bikotea zen txapelak janzteko faboritoa. Aurrean Iñaki Osa Goikoetxeak eta Jerome Portetek osatutako bikotea zituzten aurkari.
Erkiaga eta Lopez aurretik jarri ziren markagailuan, alde handiarekin, gainera: 2-7, 3-10. Baina Goikoetxea eta Portet partidan sartzen hasi ziren, erosoago sentitzen, eta seta irabaztea ia ezinezkoa izan bazuten ere, borrokarako prest zeudela erakutsi zuten. Lehen seta 11-15 emaitzarekin bukatu zen Erkiaga eta Lopezen alde.
Goikoetxeak eta Portetek bigarren set oso ona jokatu zuten. Atzean sendo egon zen Portet, eta Erkiaga jokoan ez sartzeko ahaleginak egin zituzten biek. Baita ondo atera ere. Bigarren seta Goikoetxea eta Porteten alde erori zen, 15-12 emaitzarekin.
Set laburrean erabakiko zen zer bikotek irabaziko zuen Donibane Lohizuneko Grand Slama. Goikoetxea eta Portet 2-1 emaitzarekin aurreratu ziren, baina urdinek berdindu bakarrik ez (2-2), hurrengo hiru tantoak ere egin zituzten. Seta eta, ondorioz, txapelketa irabazi zuten Erkiagak eta Lopezek (2-5).
Erkiagak eta Lopezek uda honetan lortzen duten bigarren Grand Slama da, Miarritzeko Urrezko Eskularruaren ondoren. Atsedeneko denborarik gabe, Goikoetxeak eta Portetek Paueko Grand Slameko finalerdia jokatuko dute gaur. Laduche eta Basque izango dituzte aurkari gaurko norgehiagokan. Partida irabaziko dutenek Erkiaga eta Lopez izango dituzte zain irailaren 3an jokatuko den finalean.