Zumaiarren doinuak

Jone Urbietaren doinuak

Erredakzioa 2021ko ira. 8a, 09:00

Baleike.eus-ek atal berria du martxan. Asteazkenero zumaiar batek aukeratutako bost abesti jasoko ditugu, eta Jone Urbietaren txanda da orain. Abeslariak haren bizitzan nolabaiteko esanahia izan duten bost abesti hautatu ditu.

Nire bost kanta gustukoenak aipatzeko eskatu didate, ariketa zaila egia esan, beste hainbat ere aipatu ahalko nituzkelako. Ariketa honekin nire bizitzako momentu aipagarrietan topatu ditudan abestien inguruan hitz egitea izan da nere proposamena. 

1. Alicia Keys – If I Ain't Got You

Kanta hau oso gaztetatik gustatzen zait. Garai hartan pop-a zen gehienbat entzuten nuena, eta R&B/soul estiloko zerbait entzuten hasi nintzen lehenengotariko aldia izan zen, gaur egun nire musika estilo gustukoena kontsideratzen dudana. Horregatik berezia da neretzat. Kantua bera ederra iruditzen zait, ahotsak presentzia haundia du, gustuko ditutan kantu gehienetan bezala. Xuabe hasten da eta pixkanaka igotzen doa intentsitatea.

2. Miley Cyrus – The Climb 

Country ukituko abestia, melankolia puntu bat duena eta atzean norberaren auto hobetzera bultzatzen duena. Mezua argia da: garrantzitsua ez da helmuga, baizik eta gailurrera iritsi arteko igoera, eta horretarako norberarengan konfiantza mantentzea. Miley nere gaztetxotako erreferentetako bat izan zen eta polita da urteetan zehar izan duen eboluzioa ikustea. 

3. Izzy Bizu – White Tiger 

Orain dela urte batzuk ezagutu nuen Izzy Bizu, unibertsitateko azterketetan buru belarri sartuta nengoela. Hasieratik atentzioa deitu zidan eta asko gustatu zitzaidan transmititzen duen energia positiboa eta bizi poza. Kanta honek liburuen aurrean pasatako ordu luze haietan irribarre bat baino gehiago atera dizkit. Esan beharrik ez dago emakume honek ahotsarekin duen kontrola apartekoa dela! 

4. Mikel Laboa – Negu Hurbilak 

Nire haurtzaroa artista batek irudikatzen badu, hau Mikel Laboa da, dudarik gabe. Gauetan lotarako honen abestiak abesten zizkidaten eta laster haien letrak ikasi nituen, aitarekin bi ahotsetara kantatuaz. Abestiaz zer esan… Mikelen esentzia oso ondo irudikatzen duela esango nuke, barnera begira, bizitzaren eta heriotzaren gorabeheren inguruan dibagatzen.

5. Janis Joplin – Me And Bobby McGee 

Ezin dut amaitu kantu hau aipatu gabe. Disko honek (Pearl) nire musika ibilbidean aldaketa nabarmena eragin zuen 13-14 bat urte nituela. Abesti honen energía asko gustatzen zait, erritmo lasaian hasita, gero eta azkarrago, gero eta indartsuago. Diskoko kanta bat aukeratu beharko banu, hauxe aukeratuko nuke.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide